Udari amaiera ematera datoz Mutrikuko Galbaixo jaiak
Zapatuan [irailak 13] hasiko dira Mutrikuko Galbaixo jaiak, Anaiarte Biltokiak urtero antolatzen duen danborradarekin.

Egun bereziak izan ohi dira Galbaixo jaiak mutrikuarrentzat, eta aurten ere, jaiak hasteko egarriz dabiltza herritarrak, Galbaixo bezpera noiz iritsiko zain. Hala, udari merezitako amaiera emateko, zapatuan [irailak 13] emango diote hasiera jaiei, Anaiarte Biltokiak urtero antolatzen duen danborradarekin. Aurten, gainera, 25 urte beteko ditu danborrak.
Anaiarte Biltokiak antolatutako danborradarekin Galbaixo jaiek eztanda egin ostean, mutrikuarrek indarrak gorde beharko dituzte Galbaixo egunerako [domeka]. Herritarrentzat xarma berezia daukan eguna da domekakoa, hala erakusten du beintzat Galbaixoko ermitan goizean goizetik sortzen den giroak. Mezaren ostean, herri kirolen erakustaldia egongo da bertan; Urdax eta Norde harrijasotzaileek, eta Mugertza eta Mugika eta Pikabea eta Arruti Aizkolariek borobilduko dute goiza. Gainera, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak ibiliko dira txokoa alaitzen. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, autobusak egongo dira Mutrikutik Galbaixora, 09:30etik 14:00etara bitartean.
Arratsaldean ere festa giroa izango da nagusi Mutrikun. Urteroko sokamuturraren ostean, EinGo kantu eta dantza kalejira egongo da, eta Luhartz taldeak emango dio amaiera egunari Beheko plazan.
Umeek ere edukiko dute zertaz gozatu Galbaixoetan, izan ere, Galbaixo txiki egunean herriko txikienei zuzendutako egitaraua egongo da; besteak beste, jolas parkea, erraldoi eta buruhandien kalejira eta pottokak. Bestalde, 10:00etan hasiko da Txoko Eder elkarteak antolatutako Marmitako lehiaketa, Beheko plazan, eta 14:00etan, sariak banatuko dituzte. Sari banaketarekin batera enkantea egingo dute, marmitako erosteko aukera emanez.
Piñastei egunean [irailak 16] ere goizetik hartuko dituzte kaleak mutrikuarrek. Portuan batuko dira, eta sardina erreak dastatzeko aukera egongo da, Aizabia Elkartearen eskutik. 12:30ean Kukaña txapelketa egongo da, eta ondoren, Gure Ametsa Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du. Piñastei egunean, gainera, sokamuturra bi aldiz egongo da, 17:00etan, eta 18:30ean.
Galbaixotarren egunarekin [irailak 21] amaituko dituzte jaiak. Mezarekin eguna hasi ondoren, auzoko bosgarren argazki zaharren eta lanabesen erakusketa egongo da ermita aurrean. Ondoren, Gure Ametsa Dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Arratsaldean ere egongo da zer ikusi Galbaixon; izan ere, ume eta gaztetxoentzako magia ikuskizuna egongo da Julen magoaren eskutik, eta gero, bolo txapelketa lehiatuko dute. Antolatzaileek jakinarazi dute autobusa egongo dela Galbaixora igotzeko, 11:30ean eta 16:30ean, eta herrigunera bueltatzeko 14:30ean et 19:30ean egongo da zerbitzua.
Erasoen kontra. Mutrikuko Udalak adierazi du Galbaixo jaietan inolako erasorik ez duela onartuko, eta konpromisoa hartzeko eskatu die herritarrei: “Aurtengo Galbaixotan ere, eraso matxisten arazo sozialaren aurka gaudela argi adierazten dugu. Jaietan ere botere harremanetan oinarritutako eguneroko errealitatea islatzen da, eta oraindik ere mota askotako erasoak jasaten ditugu, emakume sexu-genero disidente eta talde zaurgarriok. Hori dela eta, ozen adierazi eta gogo salatu nahi dugu Galbaixotan inolako eraso matxistarik edo beste erasorik ez dugula onartuko. Herritar guztiei dei egiten diegu konpromisoa hartzeko: norbere eta ingurukoen jarreretan ardura hartu eta jai giro osasuntsu eta askotarikoa sortzen lagundu dezatzen”.