Egiterorik ez da falta izan Galbaixo Txiki egunean
Umeak dira gaurko [irailak 15] Mutrikuko protagonistak, baina baita Txoko Eder elkarteak antolatzen duen Marmitako Lehiaketa ere. Goixerri anaiek irabazi dute aurtengoa.

Galbaixo jaietan bete-betean murgilduta, gaur [irailak 15] Umeen Eguna ari dira ospatzen mutrikuarrak, eta egitekorik ez zaie falta izan: umeen parkea, erraldoi eta buruhandien kalejira nahiz pottoketan ibiltzeko aukera eduki dute.
Umeekin batera, baina, nagusiek ere izan dute zer egina. Txoko Eder elkarteak antolatzen duen Marmitako Lehiaketa izan da eguneko beste protagonistetako bat, Beheko Plaza jendez betez. 10:00ak jotzerako eman diete hasiera lehiari, eta 14:00ak inguruan hasi dute sari banaketa. Sari banaketa hasi aurretik ordubeteko kontzertua eskaini du Musika Bandak, eta amaieran ezustekoren bat ere egon da Txoko Eder elkartearen eskutik: “Hitz batzuk eskaini nahi dizkiogu gure artean falta den Benjamini. Urte askoan gure ondoan egon da, eta Txoko Eder elkartetik omenaldi txiki bat egin nahi diogu. Eskerrak eman nahi dizkiogu egindako lan guztiagatik”. Hala, Bejamin gogoan hartu, eta haren semea eta emaztea, Xabi eta Marian, igo dira oholtzara; lore sorta jaso dute elkartearen eskutik, eta abesti bat eskaini diete lagun nahiz herritarrek.
Omenaldiarekin amaitu eta berehala eman diete hasiera Marmitako Lehiaketako sari banaketari. Parte hartzeko izena 26 bikotek eman duten arren, 16 bikote onartzen ditu elkarteak. Denek ere marmitako onak egin dituzten arren, Goixerri anaien marmitakoa izan da onena, eta enkantean 200 euroren truke erosi dute herritarrek. Bigarren saria, ostera, Karmen Ansorregi eta Belen Fundazurik lortu dute; euren marmitakoa 150 euroren truke erosi da enkantean. Hirugarren postuan Josebe Mendizabal eta haren bikotea geratu dira, eta 130 euro ordaindu dute mutrikuarrek marmitakoaren truke.Â
Podiumetik kanpo, beste lau sari banatu dituzte. Laugarren postuan Roberto Egurbide eta haren bikotearen marmitakoa geratu da, eta hurrengo bi postuak herriko gazteek lortu dituzte: Enara Alkorta eta haren bikotea bosgarren, eta Jare Arruabarrena eta bikotea, seigarren.Â
Galbaixo eguna. Zapatuan [irailak 13] Anaiarte biltokiak urtero antolatzen duen danborradarekin eman zieten hasiera Galbaixo jaiei mutrikuarrek, eta atzo [irailak 14] jaietako egun handia ospatu zuten. Egunak askorako ematen duen arren, urtez urte egiten den goitibehera jaitsiera izan ohi da unerik berezienetarikoa, eta aurtengoan ere, hala izan da. Goitibehera ugari jaitsi ziren atzo Galbaixotik Goiko Plazaraino; bi ordu inguruko jaitsiera saioa eskaini zuten mutrikuarrek.
Ohiko aurpegiak tarteko, goitibehera berriren bat edo beste ikusteko aukera ere egon zen, eta aldarriek eta mota guztietako banderek ere ez zuten hutsik egin. Baina, izan zen lagun edo senideen goitibehera ikusteko zain egon eta helmugara heldu ez zenik ere, izan ere, zenbait istripu gertatu ziren bidean. Hala, bidetik goitibehera jaso, eta oinez jaitsi behar izan ziren plazara.
Jaitsieraren ostean jaiak aurrera jarraitu zuen arren, aurretik ere egon zen zer egina. Ermita inguruan Ansorregi eta Larrañagaren trikiti hotsak nagusitu ziren, eta pintxoak jan eta edan bitartean, herri kirolez gozatzeko aukera eduki zuten bertaratu zirenek.
Goreneko maila eskaini zuten kirolariek. Jesus Mari Mugika, Laiene Pikabea eta Nerea Arruti aritu ziren aizkoran, etxeko aizkolari Aratz Mugertzarekin batera. Harri jasotze lanetan, ostera, Haritz Aranguren Norde eta Urdax Magunazelaia aritu ziren. Besteren artean, azkartasun probak eta erlojupekoak egin zituzten, eta ikuskizun ederra eman zuten. Arangurenek hasi zuen saioa, eta bi minutuan 113kg-ko kopa hogei aldiz altatu zuen. Ostean, Mugertza eta Mugikaren txanda izan zen; Mugertzak 46 kolpe behar izan zituen enborra mozteko, eta Mugikak, ostera, bat gutxiago. Jarraian, Pikabeak eta Arrutik azkartasun proba egin zuten; Arruti gailendu zen, enborra minutu bat eta 45 segundoan moztuta. Magunazelaiak 200kg-ko harria sei aldiz altxatu zuen bi minutuan, eta herri kirol saioaren lehen zatia amaitzeko, Mugikak eta Mugertzak enborra nork azkarrago moztu lehiatu zuten; etxeko aizkolaria izan zen azkarrena.
[EGITARAUA]

































































































































































































