Lekittarra, denbora hobetuz eta "gehiago gozatuz"
Arraun Lagunak-ek eta Oriok irabazi dute 130. Kontxako Bandera. 'Lekittarra'-k lehen jardunaldian baino estropada lehiakorragoa egin du, eta bigarren txandan bigarren postua lortu du, Getariaren ondoren. Azken sailkapenean zortzigarrena izan da.

Nahieran. Halaxe gailendu ziren atzo [irailak 14] Arraun Lagunak eta Orio 130. Kontxako Banderan. Maila handiko estropadak lehiatu zituzten bandera altxatu zuten bi klubek, eta inongo aurkaritzarik gabe poltsikoratu ahal izan zuten garaipena. Donostiarrek lehendabiziko jardunaldian erakutsitako nagusitasuna berretsi besterik ez zuten egin behar izan, eta maisuki ezarri zuten beren legea, Tolosaldearen aurkako lehian. Oriotarrek, baina, egiteko gaitzagoa zuten aurretik: lehen jardunaldian Zierbenak hamar ehuneneko arrakala ireki zien, eta alde hura iraultzea zuten jomuga. Esan eta egin: lehen arraunkadatik, argi eta garbi utzi zuten talderik sendoena osatzen dutela aurtengo denboraldiari dagokionez, eta zortzi urteren ondoren gizonezkoek bandera lortu zuten Kontxan.
Bermeo-Urdaibaik estropada bete-betean lehiatzeko aukerei eutsi zien aurreko asteburuko lehen saioan, baina, bigarrena abian jarri bezain pronto, garaipena lehiatzeko maila baino koska bat beherago azaldu zen Bou Bizkaia. Mirotzek oroimenean iltzatzeko moduko ohorezko txanda lehiatu zuten: lehen metroetatik buruan agertu ziren kanporanzkoan, baina Zierbenak hiruzpalau segundoko aldeari eustea lortu zuen. Bai Bermeo-Urdaibai, bai Donostiarra bigarren agertoki batera lekualdatu zituzten protagonista handiek; oso bestelako estropada bi egon ziren lehian, eta bermeotarrak ezin izan ziren garaipenaren lehian aritu.
Ziabogan, Oriok ia-ia betea zuen estropadarako ezarritako helburua: lehen luzearen amaieran estropada erabakita edota erabakitze bidean edukitzea. Alde batetik, Zierbena, arerio nagusia, kontrolpean zuen; bestetik, Bermeo-Urdaibai eta Donostiarra, aurkari sendoak baina denbora galduta zutenak, bandera lortzeko aukera barik zeuden harrezkero. Mirotzek lehen txandako lider Getariaren denbora zortzi segundo zapaltzailetan hobetu zuten, ziaboga egitean; 09.36ko langa 09.28koarekin irauli zuten. Erregistro azpimarragarria zen, getariarrek maila itzela uretaratu baitzuten lehen estropadan.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Poparean, Oriok errenta marduldu besterik ez zuen egin, noranzkorik egokienak hautatuz eta, batez ere, bere eskifaiak aurten bistaratutako nagusitasun fisikoa berretsiz. Joaneko lanak hamar minututik behera suposatu baldin bazien, itzulerakoa hamar minututik gorakoa izan zen protagonista guztientzat. Hori bai, liderrak brankaz plazaratutako estrategia berberari eutsi zion bigarren luzean ere: zierbernarrei bandera lortzeko inongo pitzadurarik zabaltzen ez uztea. Sailkapen estropadan ez bezala, itzulerako olatuak ez ziren inondik inora giltzarri izan; uhinen interpretazioak ez zien alde aipagarriegirik eman arraunlariei eta, hala, watt edo potentzia kontuetara mugatu zen estropada, taktikaren gainetik.
Gorka Aranberri zarauztarrak, Orioko patroiak, azken metroraino zukutu zituen bere arraunlariak, eta, ondorioz, oriotarrek azken luzearen bigarren erdian gura modura nabigatu zuten. Garaileak 19.36ko denborarekin helmugaratu ziren; bigarren postuan, galipoek hamabi segundo gehiagorekin biribildu zuten estropada (19.48,60). Bou Bizkaia-k, bere aldetik, Torrekua II-k baino maila handiagoa azaleratu zuen lehiaren azken txanpan, eta hark hirugarren postua malgutasunez ziurtatzeko balio izan zien. Bermeotarrek 20.01,92ko debora behar izan zuten lanak burutzeko, eta donostiarrek, berriz, 20.09,06koa.
Sailkapen orokorrean, Oriok 38.35,36ko denborarekin irabazi zuen Kontxa, Zierbenak (38.47,86) baino hamabi segundo gutxiagorekin. Atzerago, Bermeo-Urdaibaik 38.07,36koa lortu zuen, eta lehen txandako azkenak, Donostiarrak, 39.24,12koa. Bermeotarrek, behintzat, patroirik onenaren saria jaso zuten; Iñigo Larrinaga ondarrutarrarentzat izan zen. Aurtengoa 33. Kontxa izan da Orioren gizonezkoen taldearentzat, emakumezkoek beste hiru patrikan baitituzte. Aranberrik, ostera, bere ibilbideko hamargarrena irabazi zuen domekan. Iker Zabala entrenatzailearen estatistikak ere ez dira makalak: bermeotarrak 11 Kontxa lortu ditu; sei arraunean eskuratu ditu, eta bost entrenatzaile legez.
Iñaki Goikoetxea ‘Sagua’: “Bigarren jardunaldia lehiatzen gehiago gozatu dugu; gainera, herria bera ere hurrago igarri dugu, eta hori ere polita da”
Isuntzari dagokionez, galtzeko ezer barik eta, 23 urteren ondoren, ospatzeko askorekin abiatu zen lehen txandan, baina Getariaren aurka ezer gutxi egiterik egon zen. Irteera zail baten ostean, Lekittarra-k asmatu zuen bere lehiaketa erritmoa bilatzen, eta azkenean bigarren postu oso txukuna lortu zuen, San Juanekiko nahiz Hondarribiarekiko alde esanguratsuak eginda. Getariak 20.11,52an gelditu zuen erlojua; Isuntzak, 20.23,82an; San Juanek, 20.30,86an; azkenik, Hondarribiak, 20.32,98an. Jardunaldiz jardunaldi egindako hobekuntzaren erakusle, Lekittarra-ren patroia, Iñaki Goikoetxea Sagua, “pozarren” azaldu zen, Kontxako Banderaren sailkapenean lortutako zortzigarren postuagatik: “Bigarren jardunaldia lehiatzen gehiago gozatu dugu; gainera, herria bera ere hurrago igarri dugu, eta hori ere polita da”.
Uretan, lagunik ez.
Emakumezkoen XVII. lehiak gutxi eduki zuen ezustekotik. Hautagai handiak, Arraun Lagunak-ek, arraun liburuetan gordetzeko moduko estropada egin zuen, lehen ehunenetik azkenekora arte (21.30,92). Ez zen kasualitatea izan estropadaren lehen minutua bete orduko donostiarrek bigarren sailkatuari traineru bateko aldea ateratzea. Joana Halzuet miarriztarraren, Kontxako patroirik onenaren, lan bikainak ere zerikusia izan zuen, alor teknikotik. Aurpegi fisikoari helduta, baina, oso urrun aritu ziren Tolosaldea (21.48,44), Orio (21.56,42) zein Donostiarra (22.13,67).
Jule Arkotxa: “Aurtengo denboraldian, maiz entzun izan dugu itsasoan ez gabiltzala oso ondo, baina Kontxan hori ez dela hala frogatu dugu”
Liga osoan nahiz Kontxan Arraun Lagunak-en eskifaia barruko mailaren isla izan da Zuberoa Egurrola elantxobetarrak, Jule Arkotxa lekeitiarrak edota Marcia Rosalia ondarrutarrak uretaraturiko maila. Hain zuzen, Arkotxa “oso hunkituta” azaldu zen, bere estreinako Kontxan garaipena lortuta: “Sinistu ezinik nago, Kontxa umetatik eduki dudan zer edo zer da. Argi genuen estropadaren irteera gako izango zela, eta lehen metroetan aldea egiten saiatu gara”.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Bere klubak aurten jasotako kritikak ere ez zituen ahaztu lekeitiar gazteak: “Aurtengo denboraldian, maiz entzun izan dugu itsasoan ez gabiltzala oso ondo, baina Kontxan hori ez dela hala frogatu dugu”. Garaipenaren zapore ahotan zuela, sustraiak ere ez zituen ahaztu lekeitiar debutariak: “Isuntzako taldekide ohiez oroitzen naiz, lehen urratsak beraiek irakatsi zizkidatelako, baita nire osabaz ere”.