Alazne Erdozia: "Misaerekin oso momentu dibertigarriak pasatu ditut"
Alazne Erdozia Azkorrak 25 urtetik gora daramatza bikoizketaren munduan, eta haren ahotsak belaunaldi oso bat markatu du. Istorioak kontatu ditu, emozioak transmititu, baina dena, itzalpean geratu den lan batean.

Badaude ahotsak entzun eta berehala mundu batera edo bestera eroaten zaituztenak, eta horietako bat da Alazne Erdozia Azkorra lekeitiarrarena (1961, Lekeitio). Berbetan entzun, eta batzuei Shin Chaneko Misae etorriko zaie burura, eta beste batzuei Dragoi Bolako Krillin, Harry Potterreko McGonagall edo Matildako Trunchbull. Denak ere, karisma, emozio eta pertsonalitate handiko pertsonaiak, eta denak ere, lekeitiarrak bikoiztutakoak. Bikoizketaren mundua «oso polita» dela dioen arren, «oso gogorra» ere badela aitortu du, itzalpean geratu ohi baita egiten duten lana.
Noiz eta zelan hasi zinen bikoizketak egiten?
Filologia Hispanikoa ikasi nuen, eta amaitu ahala, irakaskuntzan hasi nintzen. Orduan hasten zegoen bikoizketaren mundua hemen, ETBgaz, eta lehenengo bikoizketa estudioa sortu zuten Galdakaon. Hortik, bi talde sortu ziren, eta Bilbon jendea behar zutenez, niri deitu zidaten. Hori 1988 inguruan izan zen, eta urtebetez bi lanak konbinatzen egon nintzen, ze, bikoizketarena ez nuen oso argi ikusten. Ostean, lan egiteko aukera bazegoela ikusi nuenean, horretara dedikatu nintzen, eta horretan ibili naiz 25 urtetan.
Urte asko dira. Beti egon da lana?
Urte asko dira, bai, baina gorabehera asko egon dira. Aktore lana egiten dugu, eta hori ez da beti egonkorra. Lanpostu finkoak gutxi ziren; estudio batetik bestera ibili behar izaten genuen, batez ere Bilbon, Galdakaon eta Donostian. Lan asko zegoenean, kotxean alde batetik bestera ibiltzen ginen; baina lan gutxiko krisialdiak ere bizi izan ditugu. 90eko hamarkadan, adibidez, krisi gogor bat bizi izan genuen, eta bigarren lan baten bila aritu behar izaten genuen. Gero, Mar Digital enpresan hasi nintzen gaztelaniaz bikoizten, ordura arte gehiena euskaraz baitzen. Han egin nuen Misaeren papera, Shin Chanen amarena, nire arrakastatsuena, baina 2010ean enpresak porrot egin, eta kalean geratu ginen. Orduan, irakasle moduan hasi nintzen lanean. Mundu polita da, sortzailea, baina gogorra ere bai; errealitatea ez da batere samurra.
Hor amaitu zenuen zure ibilbidea?
2010etik nire ogibidea ia bere osotasunean irakaskuntza izan da, baina, egin ditut bikoizketa lanak ere. Misae, esaterako, mantendu egin nuen COVID-19 gaitza heldu zen arte; Shin Chanen aitaren, Hirosiren, pertsonaia egiten zuena hil egin zen orduan, eta ez nuela jarraituko erabaki nuen.
Misae aipatu duzu, baina ze pertsonaia gehiago egin dituzu?
Misae izan da gaztelaniaz egin dudan ahotsik garrantzitsuena. Euskaraz, nire lehenengotariko lanen artean, Dragoi Bolako Krillinen ahotsa ere egin nuen, eta hamaika izan dira egin ditudan dokumental eta saioak. Horiez gain, oso garrantzitsua izan zen niretzat Maggie Smith aktoreari ahotsa ipintzea Harry Potterren filmetan; Minerva McGonagall irakaslearena egiten zuen, eta garrantzitsua izan zen niretzat. Hortik kanpo, Jamie Lee Curtis, Kathy Bates… Matildako Agatha Trunchbull pertsonaiaren papera egitea ere oso polita eta garrantzitsua izan zen.
“Gure lana ez da egon ganoraz erakutsita eta baloratuta, eta, beraz, zapore apur bat mingotsagaz geratzen naiz”
Eta, zein da gustukoen duzuna?
Misaerekin hain pasatu ditut momentu dibertigarriak… Gainera, nik erabakitzen nuen noiz eta zelan egin, zelan eman nahi nion puntua. Ze, berak batzuetan maltzurkeri puntu bat dauka, baina baita sinpatia puntu bat eta haserrealdi itzelak ere. Oso tenperamentala da, oso aldakorra, eta hori guztia sakonkien beragaz egin dut; denbora asko pasatu dut Misae egiten, kapitulu asko eta asko, eta niretzat oso berezia da. Hala ere, Trunchbullena egitea ere asko gustatu zitzaidan. Aipatu ditudan besteak ere asko gustatu zitzaizkidan.
Bateren bat bereziki zaila izan da interpretatzeko?
Ba, Trunchbullena egitea alde batetik pentsa dezakezu erraza dela, baina ez. Haserre eta amorru maila horiek ez dira errazak lortzen, eta asko exijitu zidan hori egiteak. Gero, Misae bera ere, badirudi marrazki biziduna denez, ez dela zaila izango, baina emozio aldaketak segundo batetik bestera egiten zituen, eta hori da zailena; umore aldaketa horiek interpretatzea ez da batere erraza.
Asko eskatzen duen lana da, baina, sarri, itzalpean geratzen da.
Bai, guztiz. Oso bidegabea da. Horregatik diot artistak garela, eta gizarte-segurantzan hala hartzen gaituztela. Pentsa noraino den bidegabea: lan gehien egiten ari nintzen momentuan, jendeak Kaikuko 10 segundoko publizitate batengatik ezagutzen ninduen, egiten ari nintzen lan guztiengatik baino lehenago. Egiten dugun lana ez da kontuan hartzen, eta oso itzalpean eta isilpean geratzen da; beti izan da horrela, eta antzera jarraitzen duela uste dut.
Euskaraz eta gaztelaniaz bikoiztu duzu zuk. Desberdina da hizkuntza batean edo bestean egin?
Bai, nire ustez, hizkuntzak bai baldintzatzen gaitu. Ni oso elebiduna naiz, eta uste dut biak ondo erabiltzen ditudala. Galdetu izan diot neure buruari ea non azaltzen naizen hobeto, baina uste dut bietan ondo moldatzen naizela.
“Misae izan da gaztelaniaz egin dudan ahotsik garrantzitsuena. Euskaraz, nire lehenengotariko lanen artean, Dragoi Bolako Krillinen ahotsa ere egin nuen”
Euskarazko bikoizketaren mundua mundu zabala da?
Badabil jendea, baina ez da mundu handia. Apur bat elkarbanatu egiten da antzerki edo zine munduagaz. Ni horretan ibiltzen nintzenean, ez ginen askorik ere; mundu nahikoa txikia zen, ze, ez zegoen aukera askorik. Orain ikusten dut gauza gehiago eta desberdinak egiten ari direla, eta nire belaunaldiko ahotsak jada ez ditut horrenbeste entzuten.
Atzera begira, zelan baloratzen duzu egindako ibilbidea?
Momentu oso-oso onak egon dira, eta niri gainera, sortze lan horrek asko bete izan nau beti. Hala ere, krisialdi asko ere egon dira, eta errealitatea gogorra izan da momentu askotan. Batzuetan zaila izan da aurrera egitea, eta bidegabekeriak ere egon dira tartean. Gure lana ez da egon ganoraz erakutsita eta baloratuta, eta, beraz, zapore apur bat mingotsagaz geratzen naiz, uste dudalako askotan gogorregia izan dela. Momentu polit asko egon dira, baina gogorrak ere bai.
Itzuliko zara bikoizketak egitera?
Joan den astean jubilatu nintzen, eta, beraz, nire burua berregiten ari naiz orain. Izan naiz bikoizlea, izan naiz irakaslea, eta beste hamaika gauza gustatzen zaizkit, horien artean, musika: koruan nago eta txistua ere jotzen dut. Orain hor ikusten dut nire burua, musikan. Noizean behin grabaketaren bat edo beste egiten dut, baina, oraingoz, musikari lotuta jarraitu nahiko nuke.