Arrantzaleak oraindik laguntzen zain daudela salatu du LABek
Ondarroako portuko sarreran batu dira gaur arrantzaleak: dagozkien dirulaguntzak ordaintzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.

Frantziar estatuak eta Europar Batasunak 2024an eta 2025ean izurdeak babesteko neurriak zirela eta, hainbat itsasontzi portuan gelditzera behartu zituzten hilabetez. Geldialdi horien ondorioz, arrantzaleek dirulaguntzak eskatzeko aukera izan zuten, baina langileek oraindik ez dutela laguntzarik jaso salatu du LABek gaur Ondarroako portuko sarreran.
2024ko laguntzak Espainiako Gobernutik bideratuko zituztela iragarri zieten. Hala ere, nahiz eta debekua urtarriletik otsailera izan, eskaera epea ez zen azarora arte ireki: “Gaur-gaurkoz langileek ez dute ordainketaren berririk, ez dakite noiz kobratuko duten”.
2025eko laguntzak, berriz, Eusko Jaurlaritzaren eskutik izapidetuko zituztela adierazi zieten. “Langileak uztailean hasi ziren eskaerak egiten, baina ebazpenak sei hilabetera arte atzeratu daitezke”. LABek emandako informazioaren arabera, egoera honetan bost euskal itsasontzi daude: Ondarroako bi, Bermeoko bi eta Pasaiako bat. “Ulertezina da neurriak aldez aurretik jakinda laguntzak bideratzeko epeak hain luzeak izatea. Batez ere, langileen soldatez hitz egiten ari garelako”. LABek jakinarazi du, 2026ko aurreikuspenen arabera, debekuak bere horretan jarraituko duela, eta langileek ez dakitela ordurako laguntza kobratuta izango duten ala ez.
“Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Estatalaren arduragabekeria salatu nahi dugu, laguntza hauek kobratzeko burokraziaren epe amaigabeengatik. Frantziako langileek adibidez, pare bat hilabetera jaso zituzten laguntzak”, azpimarratu du sindikatuak.
Hala, gaurko elkarretaratzearekin tramiteak azkartzeko eta aurreko urteetako laguntzak lehenbailehen ordaintzeko eskatu du LABek.