Baterajotzera joatekoa deia, Astindu Topaketan
Lea-Artibai eta Mutrikuko gazte feministak saretu eta elkartzeko asmoz, Astindu Topaketan elkartuko dira gaur, Markina-Xemeinen.

Urriaren 31tik azaroaren 2ra Zaldibarren izango den Baterajotzera joateko deia zabaldu dute gaur, Markina-Xemeinen. Bertan elkartu dira Lea-Artibai eta Mutrikuko gazte feministak. Egun osoko egitaraua daukate, eta eskualdeko gazte feministak elkartu eta saretzeko helburuarekin bat egin dute gaur [irailak 20].
Gazte Feministon Baterajotzeari buruzko solasaldiagaz hasi dute Astindu Topaketa. Norbere burua feministatzat daukan gazte ororen bilgune bilakatuko dute Zaldibar; elkargune funtzioa dauka aurtengo Baterajotzeak: “Euskal Herria feministaren historia eta eraikuntzari ilusioz begiratzen diogun guztion elkargune izango da, garaipen feminista oro geure larruetan bizi eta ospatzen dugunona. Norbere burua feministatzat duen ororentzat borrokan jarraitzeko bultzada da. Horregatik, feminista eta gazte den orori Zaldibarrera etortzeko dei egiten diogu; feminismoa lubaki dugunok hitzordu berri bat daukatu urriaren 31tik azaroaren 2ra”. Adierazi dute kaleak hartu, eta feminismoan antolatzen jarraitzeko momentua dela.
Konspirazio, borroka eta iraultza feministan jarraitzeko topagune bilakatuko dute Zaldibar. Hain zuzen ere, nabarmendu dute indar erakustaldi asko egin dituztela, eta Zaldibarkoa “bat gehiago izango dela”. Euskal Herriko agenda “markatuko duen ekimena” izango da, komunitate feminista batu eta indartuko duena: “Komunitate feminista indartzeko eta batzeko momentu politikoa da. Batetik, feminismoaren despolitizazio saiakerak ikusten ari gara ezkerretik. Bestetik, pobrezia eta pribatizazioak dira nagusi, eskuin muturraren eta erreakzionarioen hauspotzearen testuinguruan”.
Feminismoa lubaki da aurtengo leloa, “feminismoa beti izan delako lubaki, eta hemendik badagoelako nora jo”. Izan ere, eskualdeko gazte feministek esan bezala, feminismoa da euren babesgune eta konspirazio eremu, eta Zaldibar izango da horretarako herria: “Lubakiak bidera moldatzen dira, euskal feminismoa garaira moldatu den eta moldatzen den bezala. Gure lubakia ez da mugiezina. Atzera begiratuta, bada bideorri bat, historikoki gauzak errepikatzen ditugulako, baina garaiko koiunturari erantzuten diotenak. Eta euskal feministok erakutsi dugu nola landu, hobetu, berregin…”.
Azpimarratu dute lubaki feministak sortu, defendatu eta zabaltzen aritu izan direla eta orain ere horretan dabiltzala: “Lubaki feministetatik gure gorputzen, herrien eta bizitzen gaineko burujabetza, kontakizuna eta denbora irabazten goaz, baita epika eta politikara sarbidea, konspiratzeko nahiz autodefentsarako gaitasuna eta espazio publikoa ere, subjektu propioaren erakuntza iraultza feministak jarrai dezan”. Eta lubaki feministetan defenditzen dira feminismoaren “aurkako eraso, misoginia moderno, inkisizio berrituen, seinalamendu hotz, lege errepresibo eta bortizkerien”aurrean. Horrela, patriarkatuaren izaera sistematikoaren nahiz feminismoaren despolitizazio saiakerei aurre egiteko eta garaipen eta etorkizun feministak blokeatu nahi dituztenei erantzuteko.
Ekitaldia, gauean. Eguerdiko solasaldiaren ostean, Aiza eta Olatzen kontzertu akustikoaz gozatzeko batu dira Plazabarripean, eta, ondoren, Irune Basagoitiren eta Araitz Katarainen bertsoez girotu dute bazkalostea.
18:00ak aldera, karropoteoko musika lagun, jolasak edukiko dituzte, gaztetxera bidean. Iluntzean, berriz, Bolomaren eskutik, zumba saioan gorputzak astintzeko momentua helduko zaie. 21:00etan ekitaldia egingo dute, eta gero, The Iiingles eta Txilixo MJk jarriko diote doinua gauari.