Eskaintza bezain giro ederra, Ispasterko Nekazal Azokan

Beste urte batez, askotariko eskaintzak eta giro ederrak bat egin dute Ispasterko Nekazal Azokan. Eguzkipean nahiz itzalpean, gustura ibili dira bertakoak eta bisitariak, eta ekoizle eta artisauak ere pozik, jendearen joan-etorria eskertuz.
Bedaruko Idegorriondoko ortuari freskoak, Ispasterko Haizea-Art bitxi eta osagarriz beteta, Markina Xemeingo Baskaranen gaztak, Lezamako La Gilda del Norte, Zeanuriko Jesus Martinezen ezti ekologikoak, Mungiako Eskuola patea, Berrizko Migel Angel Arriaga saskigilea, Markina-Xemeingo Ateun harategikoak, Errioxako Prejano herritik hurbildutako artisau belarrak, olio eta oliba eskaintza Logroñotik ekarrita… Erosteko hamaika eskaintza egon da 21 postutan, eta, horrez gain, animaliz bete dute azoka, tartean herrikoak: Ander Madarietaren ardiak, Manu Meaberen zaldiak, Juantxu Telleriaren astoak eta Alfonso Hidalgoren poneyak. Aulestiko Eusebio Bengoetxearen euskal artzain txakurrak eta Bedaronako Mikel Iturrasperen behiak ere egon dira azoka eremuan.
Berriatuko Labegurrekoak etenik barik aritu dira saltzen: “Lehenengo urtetik etorri gara. Guretzat plaza oso ona da. Lea-Artibai eta Busturialdeko azoketan egoten gara, hemen ingurukoetan, eta Markina-Xemeingo eta Gernika-Lumoko asteroko merkatuetara ere joaten gara”. Ogiaz gain, beste hamaika produktu gozo eduki dituzte euren postuan: “Ogia beti oso ondo saltzen da, baita euskal pastela ere. Horiez gain, gazta zein sagar tartak ere asko saltzen ditugu. Gaur madalenak ere azkar saldu dira”.
Bedarokelako arduradunen berbetan, bertoko produktuak saltzeko oso garrantzitsuak dira azokak, eta azken urteetan Ispasterrekora ez dute hutsik egin: “Sei edo zazpi bat urte daramatzagu hona etortzen. Eako eta Ispasterko azoketara bakarrik joaten gara. Ispaster eta Natxituko bizilagunen talde bati banatzen diogu gure okela aldiro, txahala hiltzen denean; bi edo hiru hilabetean behin egiten dugu banaketa”. Azokan bertan, argazkiak eta bideoa eduki dituzte, euren lanaren berri emateko: “Etxean jaio, hazi eta hiltzen ditugu”.
Artisauen lana ikusgai. Saltzeko ez ezik, artisau lana ikusteko aukera ederra eskaini du gaurko azokak. Erratzutik (Baztan) hurbildu da Ion Dufurrena kaikugilea, eta bisitari asko hurbildu zaizkio: “Kaikuez gain, lehenago artzainek egunero gasna egiteko erabiltzen zituzten tresnak egiten ditut, baita baserriko beste gauza batzuk ere”. Azaldu duenez, urtean bospasei azoketan egoten da, eta duela bi urte deitu zioten Ispastertik, baina orduan ezin izan zuen joan, egun horretan Elizondon azoka zegoelako: “Normalean, Zumarragako, Arrasateko eta Altsasuko azoketan egoten naiz, eta Uharte Arakil eta Legazpiko eta artzain egunetan ere bai”.
Huts egiten ez duenetakoa da ehoziriak egiten dituen Lekeitioko kuadrilla. Eurek egindako poltsak, oinetakoak, xalak, azpiko gonak, eskumuturrekoak… ipini dituzte ikusgai, eta solasaldi artean, lan eta lan ibili dira: “Lehenengo urtetik ez bada, bigarrenetik edo ari gara parte hartzen, urte asko dira. Pozik etortzen gara, herri txikia da, baina giro oso polita egoten da, eta oso ondo hartzen gaituzte. Gainera, tailerra urrian hasten dugunez, martxa hartzeko aproposa da”.
Esan dutenez, asko hurbiltzen zaizkie erosteko asmoz: “Jende askori erostea interesatzen zaio, baina guk ez dugu saltzen. Pieza hauetako askok denbora asko behar dute. Pieza batzuk egiteko, hilabeteak behar dira. Jendeari gure lanak atentzioa ematen dio; palu batzuekin, orratzekin eta hariarekin halako gauzak zelan egin daitezkeen ikusteak jendea harritzen du”. Ispasterko azokan egoteaz gain, Lekeition eta Ibarrangelun ere egoten dira: “Azoka horiez gain, ikasturte amaieran erakusketa ipintzen dugu, ikasturtean zehar egindako lanak erakusteko”.
Artisauen artean, poltsa eta motxila dotoreekin egon da Etxebarriako Mirari Azkune, Magukaz markaren sortzailea. Bigarren urtez jarraian egon da Ispasterko Nekazal Azokan: “Iaz oso ondo saldu genuen, eta oso gustura egon ginen. Hemen behar egiten dut, eta jendea ezagutzen dut. Gehienbat motxilak egiten ditugu, baina poltsak eta karterak ere baditugu, eta denetariko koloreetakoak ekartzen ahalegintzen gara”.
































































