Iban Uberuagak errekor berria ezarri du Lumorako Kronoigoeran
Iban Uberuagak segundo bakarragatik gainditu du Lumoko Kronoigoeraren errekorra. Munitibartarrak 04.09ko denbora egin du VI. ekitaldian, garaipena poltsikoratzeko balio izan diona. Emakumezkoen sailkapenean bizkorrena Nora Legarreta izan da, 06.52ko erregistroagaz.

Lumorako Kronoigoeraren ekitaldi gogoangarria izan da gaurko [irailak 20] seigarrena. Gernikako herrigunea eta Lumoko plaza lotu dituen lagunarteko ziklismo probak gogotik behartu ditu parte hartzaile guztiak, eta, esfortzu ederraren ostean, gizonezko seniorren sailkapenaren garaileak orain arte ezarritako errekorra gainditzea lortu du. Iban Uberuaga, proba sobera ezagutzen duen txirrindulari munitibartarra, izan da sailkapen horren irabazlea, eta segundo bakarragatik gainditu ahal izan du Ugaitz Arrietak iaz izarritako 04.10eko denbora bizkorra. Emakumezko seniorrei dagokienez, Nora Legarreta izan da bizkorrena, eta malgutasun handiagoarekin lortu du garaipena, 06.53ko erregistroagaz.
Aixerrotape Zikloturista Elkarteko antolakuntza lantaldeak “dozena bat laguneko” parte hartzea erregistratu zuen aurretiaz, baina egunean bertan “60 txirrinduzale inguru” animatzea aurreikusi zuten, eta azkenean halaxe izan da: 53 parte hartzaile eduki ditu seigarren aldiak, iragarri zutenaren antzean. Alde horretatik, denetariko profilak egon dira, baina, bereziki, gaztetxoak. Hain zuzen ere, 14 urtetik beherakoen sailkapena antolatu dute aurtengoan, harrobiko altxorrei dagokien tokia eskaini asmoz; lehia horren irabazlea lanak 05.05eko denbora txukunarekin biribildu dituen Peru Linaje izan da. Hori bai, parte hartu duten gazte guztiek jaso dute saria, behin proba burututa.
Txirrindularientzako berritasun nagusia irteera eremua izan da aurten; Pasealekutik Merkurio iturriaren ingurura lekualdatu dute irteera, eta hasierako arrapala Adolfo Urioste kalean eduki dute. Minutu bateko tarteagaz abiatu dira parte hartzaileak. Gaztetxoak izan dira pedalei eragiten lehendabizikoak, eta nagusien txanda gero heldu da. Ez dute egiteko mardulik eduki denek ala denek: Irteera lerrotik Lumoko plazaraino, 1,5 kilometroko eta %8ko batez bestekodun aldapa gainditu behar izan dute. Hori gutxi balitz, lehen partaideak irteera hartu orduko, lehen euri tantak agertu dira eta, ibilbide guztia malda gorakoa izanik ere, bihurguneren bat edo beste arriskutsuago bilakatu du horrek. Horrez gain, errekorra hobetzea buruan zutenentzako ere traba izan da azken orduko euria.
Ez, ostera, Uberuagarentzat. Munitibartarrak, lehen pedalkadetatik, abiadura sentsazioa eta indarrez zihoan itxura bistaratu du. Bera izan da esfortzua modurik erregularrean kudeatu duen parte hartzailea, eta indar zein erregulartasun jario horrek errekorraren ordainsaria eman dio. Gizonezkoen podiumean lagun izan ditu, bigarren postuan, Roke Balzategi (04.37) eta Paul Bilbao (04.58), hirugarrenean. Emakumezkoen podiumari dagokionez, Legarretak 12 segundoko abantaila lortu du bigarren sailkatu Jone Aretxabalarekiko (07.04); hirugarren sailkatu den Valle Espigak, berriz, 08.30ean gelditu du erlojua. Gaztetxoen artean, Linajek Xabier Goienetxe (05.10) eta Aimar Aretxabala (05.52) eduki ditu podiumeko albo banatara lagun, hurrenez hurren.
Lagun giroan biribildu dute Lumorako Kronoigoera: musikaz, txirrindularitza aldarteaz eta sari banaketa ekitaldiaz gozatuz. Aixerrotapeko antolatzaileek, hori bai, Urdaibai Txirrindulari Eskola egiten ari den beharra azpimarratu dute, eta bizikletaz gozatzera animatu nahi izan dituzte neska-mutil gaztetxoak: “Animatu eskolan izena ematera eta gurpil giren gainean elkarrekin gozatzeaz”. Izen emateen gorakada baita kronoigoerarik politena, eta harrobi txirrinduzale osasuntsua, berriz, errekorrik ederrena.