Auzo izaera galdu gabe, badatoz San Jeronimo jaiak
Bihar [irailak 27] hasiko dira Mutrikuko San Jeronimo auzoko jaiak. Domekako [irailak 28] auzo bazkarian 50 lagun inguru batuko dira.

Ohiko formatuan datoz aurten ere Mutrikuko San Jeronimo auzoko jaiak. Auzotarrak “gogotsu” daude bihar hasi [irailak 27] eta martitzenera [irailak 30] arte iraungo duten festa “goi-goitik” ospatzeko: “Beti egoten gara gogotsu auzoko jaietarako, eta aurten ere bai. Samikolla auzoko jaiak eta Galbaixoak pasa ondoren, San Jeronimo jaiak udari benetako amaiera emateko azkenengo txupinazoa izaten dira”.
Hala, adin guztietako auzotarrek gozatzeko jaiak izateko, ume zein nagusientzako egitaraua osatu dute: “Guretzat garrantzitsua da ume eta gaztetxoei begirako ekintzak ere antolatzea”. Beraz, bihar txupinazoarekin batera emango diote hasiera ofiziala jaiei, 17:00etan. Ondoren, egurrezko jolas erraldoi dinamikoak eta ur txirrista egongo da umeentzat: “Iaz ekarri genituen lehen aldiz eta oso ondo funtzionatu zuten. Gainera, aurten, zezen mekanikoa ere egongo da”.
Jolasen ostean, Gauargi erromeria taldea igoko da oholtza gainera, eta ostean, DJ Maikiño: “Jolasen ostean segituan hasiko da kontzertua, bertaratzen direnek auzoan gelditzeko aitzakia izan dezaten”.
Etzi auzoko gazte eta helduen arteko herri kirolen lehia egongo da: “Gure auzoan oso sustraituta daude herri kirolak; beraz, urtero egoten dira San Jeronimo jaietan”. Ondoren, auzotarren bazkarian batuko dira guztiak; gutxi gorabehera, 50 lagun inguru. “Momentuz 50 lagun inguru gaude apuntatuta bazkarian, baina azkenengo momentuan beti apuntatzen da norbait gehiago”.
San Jeronimo egunarekin emango diote amaiera jaiei, martitzenean [irailak 30]. Tradizioa jarraituz, 12:00etako mezarekin hasiko dute eguna, eta ondoren, herri kirolen txanda izango da: “Mikel Agirre eta Bihurri bigarrena egongo dira aizkorarekin, eta Unai Osak harri-jasotzaile lanak egingo ditu”. Gainera, goizari kolorea emateko, jan-edana ziurtatuta egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Ostean, urteroko errifen zozketarekin emango diote amaiera San Jeronimo jaiei. Horrez gain, San Jeronimo egunean, herribusa egongo da herrigunetik auzora joateko eta bueltatzeko.
“Aurretiazko prestakuntza elkarlanean egiten dugu, eta hori ere polita da guretzako. San Jeronimo jaiak auzo bezala elkartu, eta auzo izaera ez galtzeko egunak dira; finean, ume, gazte zein nagusi elkarrekin egoteko egunak”, azpimarratu dute antolatzaileek.
EGITARAUA
Bihar, zapatua
- 17:00. Txupinazoa.
- 17:30. Egurrezko jolas erraldoi dinamikoak eta ur txirrista erraldoia.
- 19:30. Gauargi erromeria taldearen kotzertua.
- Ondoren, DJ Maikiño
Etzi, domeka
- 12:30. Auzoko gazte eta helduen arteko herri kirol lehia.
- Ondoren, auzo bazkaria.
Martitzena, irailak 30
- 12:00. Meza.
- Ondoren, Herri kirolak Mikel Agirre eta Bihurri bigarrenaren eskutik, auzoko gazteek lagunduta.
- 14:00. Errifen zozketa.