Mende erdiko bidaia, mahaiaren inguruan
Bihar, Xemeindarren Egunez, herritarrak talde bazkarian elkartuko dira. Jaien 50. urtemuga mahaiaren inguruan omenduko dute, duela 25 urte mende laurdenagaz egin zuten legez. Bazkalaurrea nahiz ostea musikaz girotuko dituzte.
Bihar [irailak 27], Xemeindarren Eguna ospatuko dute herritarrek. Gaurtik astelehenera bitarteko San Migel jaien ospakizun egitarauaren barruan egun soila dela pentsa lezake norbaitek, baina bere esangura hori baino sakonagoa eta errotuagoa da. Izan ere, Arretxinagako sanmigelen 50 urteko ibilbidea gogoratzeko eta omentzeko egina izango da, eta bere gailurra eguerdian harrapatuko du.
Eguna Barroetako futbol eremuan abiatuko dute, bertan jokatuko baitute beteranoen arteko futbol partidua; Artibai Futbol Taldeko kideek Lekeitio Futbol Taldekoen kontra neurtu beharko dituzte indarrak, lagunarteko aldartean, 10:00etan. Jarraian, eguerdi aldera, xemeindarrak nahiz bertaratzen diren herritarrak jaietako talde bazkarian elkartuko dira.
Herri bazkari “berezia” izango dela aurreratu dute, jaien mende erdiko urtemugari “dagokion omenaldia” egitea “benetan garrantzitsua” dela azpimarratu baitute Arrexe Kultura Batzordeko antolatzaileek: “Herritar guztiak elkartzeko unea da herri bazkaria, egindako bidea eta egiteko dagoena gogoratzeko beharrezkoa”. 120 lagun inguru elkartuko direla aurreikusi du antolakuntzak.
Hain zuzen ere, 1975. urtean erein zuten San Migel jaiak berreskuratzeko hazia. Urte hartan, ospakizuna “apur bat kili-kolo” geratu zen, Txiki eta Otaegi erail baitzituen erregimen frankistak. Hurrengo urteetan, baina, antolatzaileek jo eta su lan egin zuten, eta gaur-gaurkoz sanmigelak Markina-Xemeingo “bigarren ospakizun garrantzitsuenak” dira, Karmen jaien ostean.
Jaien berreskurapenaren lehen arduradunen sorrera hura “oso gaitza” izan zen, egungo lantaldetik azaldu dutenaren arabera. Egun dabiltzanek, gainera, 45 urte daramatzate antolakuntza beharretan: “Lehenengo antolatzaileek beharbada urterik zailenak bizi izan zituzten, baina geuri ere koronabirusaren pandemia bezalako trabei aurre egitea suertatu izan zaigu”.
Bigarren mugarri bat.
Aurtengo herri bazkariaren aurrekari, 2000. urtean, sanmigelen berreskurapenaren mende laurdeneko urtemuga ospatu zuten, eta “hainbat herritarren” bilgune bihurtu ziren orduko jaiak: “Gazte nahiz adinekoak bildu ziren, oso ederra izan zen; ordutik eduki izan dugu argi, 50 urteko ibilbidea betetzera helduz gero, tankerako zerbait errepikatuko genuela”. Esan eta egin. Duela 25 urte egin zuten legez, herritarrak bertaratzera eta ospakizunaz gozatzera deituak daude. Eta, orduan antolatu modura, aurtengoan ere musikaz jantziko dute hala bazkalaurrea, nola bazkalostea.
Egungo garaiotara moldatuta, Zker elektrotxaranga izango da bere musikagaz herritarrak dantzan ipintzeko ardura izango duena. Gainera, iluntzea heltzeagaz batera, zuzeneko musikak ez du etenik izango. 19:30ean, Zutik erromeria taldeak lekukoa hartuko du, jaia bermatuta egon dadin.
Herritarrek San Migel jaiekiko “prestutasun eta hurbiltasun handia” erakutsi izan dutela aditzera eman dute antolatzaileek: “Udalerriko ospakizun nagusia izan ez arren, hainbat negoziok ez dute zabaltzen jai horietan, intentsitatez bizi dituzte, eta hori oso esanguratsua da”. Hori bai, jaiek beste mende erdia iraun dezaten, argitu gura izan dute non dagoen egungo gabezia nagusia: belaunaldi arteko txanda-pasan: “Belaunaldi gazteek antolakuntzan laguntzea guztiz ezinbestekoa da; ulertu behar dute jaien antolakuntzak asko duela boluntariotzatik eta herrigintzarekiko konpromisotik”.