Larrazak eta Olagaraik sexilioari buruzko 'Xerka' hitzaldia eta argazki-erakusketa eskainiko dute
Aniztasun Besarkada egunaren harira, Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek 'Xerka' hitzaldia eskainiko dute eguenean [urriak 2], 18:00etan, Ondarroako Etxelilan. Amaia Barrenetxea herritarrak ere bere bizipenak kontatuko ditu.

Martxel Larraza eta Joseba Olagaraik sortutako fotokazetaritza proiektua da Xerka, eta Euskal Herriko landa eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketa eta sentsazioak batzeaz gain, LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen sexilioa bistaratzea du helburu. Hala, bi kazetariek hitzaldia eskainiko dute eguenean [irailak 2], 18:00etan, Etxelilan, eta solasaldiaren ondoren argazki-erakusketa ikusteko aukera egongo da datorren eguaztenera [urriak 8] arte. Gainera, hitzaldian, Amaia Barrenetxea ondarrutarrak bere lekukotza eskainiko du. Bosgarren Aniztasun Besarkada eguneko egitaraua irekiko duen ekimena izango da honakoa.

‘Xerka’ hitzaldia Altsasun.Xerka.
Larrazak eta Olagaraik Euskal Herriko lurralde, jatorri eta adin ezberdinetako bost pertsona disidenteen nortasun eta bizi esperientziak partekatuko dituzte. “Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa- eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaion sexu-orientazio edo genero.identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte.ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartuari”, adierazi dute egileek.
Martxel Larrazak 2023an sortutako proiektua da Xerka, eta 2024an komunikazioko GRALen III. BERRIA sariketan saritu zuten. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartzen ditu lanak: “Subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan”.
Argazki-erakusketa. Erakusketa eguenetik [urriak 2] urriaren 8ra [eguaztena] arte egongo da ikusgai Etxelilan: barikuan [urriak 3] eta martitzenean [urriak 7] 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; zapatuan [urriak 4] eta domekan [urriak 5] 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; astelehenean [urriak 6] 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta eguaztenean 10:00etatik 13:00etara.
Aniztasunaren besarkada. Urriaren 11n ospatuko den Aniztasunaren Besarkada egunaren testuinguruan eskainiko da Xerka hitzaldia eta argazki-erakusketa. Aurtengoa bosgarrena izango da, eta Ekai Lersundi Martinez gogoan izanik, aniztasuna aldarrikatu, eta besarkadak daukan garrantzia nabarmenduko dute Lersundiren urtebetetze egunaren bueltan. “Urriaren 13an da Ekairen urtebetetze eguna, eta horregatik antolatzen dugu egitaraua data honen bueltan”. Hasierako urteetan Ekai Lersundiren gurasoek antolatutako eguna bazen ere, Ondarroako Udalarekin eta Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean antolatzen dute gaur egun.
Euskal Herriko batukada sarearen kalejirarekin emango diote hasiera egunari, eta 13:00etan, ekitaldia egongo da Itsasaurren, Ekai Lersundi Martinezen omenezko monolitoaren aurrean. 19:00etan, Yogurinha Borova eta Aurori Badiolak Bingoz Bingo eskainiko dute Alde Zaharrean.