Markina-Xemein eta Etxebarria elkartuko dituen saihesbideko obrak atzeratu egin dira
Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidea 2026ko lehen hiruhilekorako amaitzea aurreikusten zuen arren, gaur gaurkoz, obrak 2026ko amaieran amaituko dituztela adierazi dute. Atzerapenagaz batera aurrekontuan sei milioi inguruko igoera ere edukiko dute obrek.

Markina-Xemein eta Etxebarria elkartuko dituen saihesbideko obrak bisitatu ditu gaur [irailak 20] Carlos Alzaga Azpiegituretako foru diputatuak Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo alkateagaz eta Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateagaz batera. Hala, Alzagak jakitera eman duenez, 2026ko otsailean Markina-Xemeingo biribilgunearen zati bat zabaltzea aurreikusten dute, eta martxoan, Etxebarriko biribilgunea. Lanak, ostera, atzerapenen eraginez, 2026ko amaieran amaituko direla aurreikusi dute.
335 metro edukiko dituen tunelaren sarrera bisitatu dute, eta Alzagak adierazi duenez, horietatik 80 metro zulatu dituzte: “Edozein obratan kudeatzeko zatirik zailenak tunelak dira. Austriako exekuzio metodo bat erabiltzen ari gara, eta hiru fase ditu; gu lehenengo fasean goaz”. Lehenengo fase horretan tunelaren goiko erdiko zatia zulatuko dute alde batetik besteraino, eta ostean, beheko erdiari ekingo diete. Hirugarren fasean lurra errefortzatuko dute.
Hala, hasiera batean lanak 2026ko lehen hiruhilekoan amaitu behar zituzten arren, Alzagak adierazi du hainbat aldaketa egin behar izan dituztela proiektuan; Interbiakeko kontseiluak joan den uztailean onartu zuen espedientearen aldaketa. Hala, obren atzerapenaren arrazoiak, alde batetik, langileen segurtasuna “zorroztea” izan dela azaldu dute: “Tuneleko lehen lerroan lanean dabiltzanen segurtasuna bermatzea ezinbestekoa da”. Bestalde, Ingurumen Sailak eskatutako zenbait konpentsazio neurri aplikatu behar izan dituzte: “Hil honetan hormigoizko fabrika-obra zahar bat eraitsi da Munibe errekaren gainean, eta horrek posible egin du errekaren aire zabaleko tarte bat berreskuratzea bioingeniaritzako tekniken bidez. Era berean, ibaiein ingurunean faunaren iragazkortasuna bermatzeko konpentsazio neurriak aplikatu dira”. Azkenik, bi udalerriak lotuko dituen bidegorriaren zati bat egitea gehitu dute proiektura: “Etxebarrian tunelaren irteerarekin bat datorren ibilbide txiki bat izango duen etorkizuneko bidegorriaren zati bat egitea sartu dugu proiektuan”. Gaineratu dutenez, arkeologia arrastoak ere aurkitu dituzte gune batean, eta horrek ere atzerapena eragin du.
Hori horrela, atzerapena ez ezik, aurrekontuan sei milioi inguruko igoera ere eragin dute aldaketek; 25.687.629 euroko inbertsioa zena 31,9 milioi euroko inbertsioa izango da.
Hurrengo fasea. Aldaketak jakitera emateaz gain, gaur [irailak 30] adierazi dute urrian hasiko dela Markina-Xemeingo biribilgunea egiteko bigarren fasea; zoladura jarri, seinaleztatu eta ingurunea urbanizatuko dute 2026ko otsailean zabaltzeko. Etxebarriko biribilguneari dagokionez, ostera, eraztun osoa eratuko duen egiturak eraikitzeko lanetan jarraitzen dute.
Tunelari dagokionez, edukiko dituen 335 metroetatik 290 metro meatzean egindako indusketak izango dira: “Oraingoz 80 metro zulatu dira marruskagailuz eta atzerako hondeamakinaz: aurrerapen azpimarragarria da, terrenoak duen konplexutasun geotekniko handia kontuan hartuta”. Behin lanok amaituta, tunelak noranzko bakoitzeko errei bat edukiko du: “Erdibitzaile zabal batez bereiziko dira, eta halako egituren berezko instalazioak ere edukiko ditu, hala nola, LED argiztapena, kontrol eta komunikazio sistema eta bideozaintza”.
Onurak. Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkateak adierazi du saihesbideak, batez ere, zirkulazio pisutsua herrigunetik kanporatzean eragingo duela: “Horrek emango digu aukera Markina-Xemeingo erdigunea den Zelaia eta Plazabarripea berriro ere antolatzeko eta berrasmatzeko. Zirkulazioa eten eta segurtasunez jarduteko aukera emango digu, oinezkoentzako lehentasunezko espazioa izan dadin”.
Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak adierazi duenez, Etxebarrian batez ere industriei egingo die onura saihesbide berriak: “Etxebarriko industriaguneko garraio asko igarotzen dira Markina-Xemeindik, eta saihesbidea sekulako abantaila izango da Etxebarriko industria sektorearentzat”. Hain zuzen ere, saihesbideari esker gaur egun Markina-Xemeindik igarotzen diren 5.500 ibilgailu inguruen joan-etorria %53 jaitsiko da; kopurua 3.000 ibilgailura jaistea espero dute.






































