Mutrikuko Udalak udalerriko landa-lurzoruko lursailak mugatuko ditu topografikoki
Mutrikuko Udalak bosgarren poligonoko landa-lurzoruko lursailak mugatuko ditu Geograma enpresaren bidez. Proiekturaren xehetasun azalduko dituzte eguenean [urriak 2] Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo diren bileretan: 11:00etan eta 17:00etan.

Muga eta mugarriei GPS koordenatuak eman, eta gaur egun egon daitezkeen akats posibleak argitu eta zuzentzeko, 310 hektareako azalera duen 124 landa-lurzoruko lursail mugatzeko lanei ekin dio Mutrikuko Udalak. Hortaz, bosgarren poligonoko lursailak izango dira mugatuko dituenak, topografikoki, eta horretarako Geograma enpresa kontratatu du udalak. Proiektuaren xehetasunak azalduko dituzte eguenean [urriak 2] Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo diren bileretan: 11:00etan eta 17:00etan.
Egin beharrekoa aurrera eramateko 60 lur-jaberen kolaborazioa beharko dela zehaztu du udalak: “Titular horiek, hain zuzen, mugakideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko dituzte”. Behin lanak amaituta, markatutako koordenatuak dituzten planoak lur-jabeei entregatuko dizkie udalak, eta prozesua arrakastatsua bada, hurrengo urteetan gainerako poligonoekin jarraitzea da udalaren asmoa, “erronka ikaragarria, baina egin beharrekoa”.
Hala ere, proiektua behar bezala gauzatzeko “lankidetza” eskatu du Mutrikuko Udalak: “Jabekideen artean adostasunik ez badago, ezingo dira lanak burutu. Esan gabe doa, jabeen parte hartzea borondatezkoa dela eta ez diela gastu ekonomikorik ekarriko parte hartzaileei”.