Pertsona Nagusien Nazioarteko eguna, ekintzaz josita
Lekeitiarrek bihar [urriak 1] egingo dituzte ospakizunak, eta Markina-Xemeinen urriaren 26ra arte luzatuko dira ekintzak. Besteren artean, ibilbide gidatua, mahiangurua, zire foruma, bakarrizketa eta irakurketa kluba egongo dira.
Bihar [urriak 1] Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren harira hainbat ekitaldi prestatu Lekeition nahiz Markina-Xemeinen. Lekeitiori dagokionez, egun bakarreko egitaraua izango da; markina-xemeindarrek, ostera, urriaren 26ra arte luzatuko dituzte ekintzak.
Lekeition, bihar [urriak 1] 11:00etan hasiko dira ekintzak, osoko bilkura aretoan, ongietorriarekin. Ondoren, 11:15ean, Lagunkoiak taldeak antolatutako ibilbide gidatua egingo dute Kontzejupe, Santa Elena, San Andres, Santa Katalina eta inguruko beste gune batzuetatik. Ibilbideak bi kilometro inguruko edukiko ditu, eta “erraza eta leuna” izango da. 14:30ean, aldiz, bazkaria egingo dute Jubilatuen Etxean; menua 16 eurokoa izango da. Eguna amaitzeko, 18:00etan, Azkue aretoan Dos Hombres y un destino filma eskainiko dute, Robert Redforden omenez.
Markina-Xemeinen, ostera, hainbat jarduera antolatu dituzte herriko Lagunkoia taldeak, Beti Jaik eta Markina-Xemeingo Udalak elkarlanean. Bihar [urriak 1] 18:00etan, Beti Jai elkartean, Kaitin Allendek Kaiting in the night bakarrizketa emango du: “Zahartze hiperaktiboari buruz hitz egingo du, umoretik”. Ostean, txokolatada eta musika egongo dira.
Barikuan [urriak 3], aldiz, bertoko bi hizlariren eskutik Zahartze aktiborako aholkuak mahaingurua egongo da, 18:00etan, Beti Jain; Lucia Conzi (ariketa fisikoaren sustapena) eta Alex Arrate (dietista eta dibulgatzaile zientifikoa) ariko dira berbetan, eta Ana Isabel Anituak bideratuko du.
Gustu guztiak asetu gura dituzte antolatzaileek, eta hala, domekan [urriak 5] zine foruma egingo dute, 18:00etan, Esperantza aretoan. Un paseo por el bosque filma ikusiko dute, eta ostean Xabi Garcia Rebollo Bizipoz elkarteko kideak dinamizatuko du zine foruma.
Urriaren 26an, aldiz, Alpino elkarteak ibilbidea antolatu du. 10:00etan irtengo dira, eta herriko zuhaitzak ezagutzeko aukera edukiko dute. Hori gutxi ez, eta Irakurleen Txokoagaz bat egin dute Markina-Xemeingo nagusiek. Hala, urriaren 9an bi liburu aztertuko dituzte Herri Bibliotekan: 17:00etan Yo, vieja (Anna Freixas) liburua izango dute hizpide, eta 19:00etan, Andrezaharraren manifestua (Mari Luz Esteban).
Bai Markina-Xemeinen eta baita Lekeition ere, ekintza guztietara herritar denak gonbidatu dituzte: “Ume, gazte nahiz heldu, denak dira ongietorriak. Zahartzaroa ez da nagusion kontua bakarrik, denona da. Polita izango litzateke herritar gehiagok parte hartzea ekintzetan”.