Lanabesen eta argazki zaharren erakusketa Galbaixotik Zabiel kultur etxera lekualdatu dute
Urriaren 5era [domeka] arte egongo da ikusgai Mutrikuko Zabiel Kultur etxean.
Galbaixo jaietan baserriko lanabes eta argazki zaharren erakusketa antolatu zuen Galbaixoko jai batzordeak ermita aurrean. Hala, erakusketak izan zuen harrera ona ikusita, Zabiel Kultur etxera lekualdatu dute, eta domekara [urriak 5] arte egongo da bertan. “Bertaratu ziren herritarrek aukera ederra izan zuten garai batean baserriko lanak burutzeko erabiltzen ziren erremintak ezagutzeko eta garai bateko argazkiak ikusteko”.
Bosgarrenez jarri dute aurten erakusketa, eta lehen aldia izan da argazkiekin batera lanabes zaharrak jarri dituztena: “Ideia auzoan sortu zen, Galbaixoko jaietan argazki zaharrak biltzeko. Hasieran gutxi ginen, baina urtez urte kolekzioa handitzen joan da. Oraingoan, etnografiari lotutako zaletasunak bultzatuta, lanabesak ere bildu ditugu, baserrietan galzorian zeuden objektuak balio historiko eta kulturak handikoak direlako”. Gainera, antolatzaileen arabera, erakusketak auzoko memoria kolektiboa bizirik mantentzen laguntzen du: “Erakusketak aukera ematen du lehengo ohitura, lan egiteko moduak eta hiztegia bera ere berriro jaso eta gazteei transmititzeko”.
Ordutegiak. Gaur eta bihar 18:00etatik 20:00etara egongo da erakusketa ikusteko aukera, eta zapatuan eta domekan 12:00etatik 14:00etara.