Lekeitioko abesbatzako 30 umek Euskaldunako organo zikloan abestuko dute
Organo kontzertuen baitan, zapatuan [urriak 5] hainbat haur koruk parte hartuko dute. Mikel Ansola markina-xemeindarra dago antolatzaile lanetan.
Euskaldunak Auditoriumekoa Bizkaiko organorik handienari merezi duen arreta eman nahi dio, ikusgai egin, eta ohiko errepertorioetatik harago joateko gaitasuna duela erakutsi. Horregatik, organo kontzertuetako ziklo bat antolatuko du bigarren urtez jarraian. Hiru emanaldi izango dira guztira: urriaren 5ean [zapatua], azaroaren 2an eta abenduaren 7an.
Mikel Ansola Garitagoitia markina-xemeindarra antolatzaileetako bat da, eta azaldu organoa gizarteratu nahi dutela: “Organoa testuinguruz aldatu nahi izan dugu, elizetatik atera eta Euskaldunara ekarri”. Helburu dute organoak beste diziplina batzuekin daukan ezkontzeko gaitasuna erakustea: Ahotsagaz, instrumentuekin eta bertsolariekin.
Hain zuzen ere, zapatuko [urriak 5] lehen kontzertuan Lekeitioko haur abesbatzak parte hartuko du, 30 gazteak abestuko dute, guztira bost abesbatzetako 180 ume elkartuko dira. Talentu lokala bultzatu nahi izan dutela azaldu du Ansolak, eta Bilbotik atera, eskaintza probintzia osora zabalduz, Lekeitiora arte. Askotariko kantak abestuko dituzte zapatuko kontzertuak, musika klasikotik, euskal kantugintzara joanez, baita pop doinuak ere. “Emaitza bateratu eta oso dinamikoa sortuko da”, aurreratu dute.
“Haurrentzat organoa ez da bakarrik soinu boteretsua duen instrumentua: sekretuak gordetzen dituen erraldoi bat da, eta haurrek, bere ahots gardenekin, istorioak kontatzera gonbidatzen ditu. Entseguetako jolasa, agertokian magia bihurtuko da, ikus-entzuleek partekatuko duten esperientzia paregabe batean”, adierazi du Ansolak,
Bigarren emanaldian, azaroaren 2an, Thomas Ospital nazioarteko musikari ospetsuak Andoni Egaña eta Maialen Lujanbioren bertsolaritzarekin bat egingo du bertso inprobisazio kontzertuan. Zikloa ‘Talentu Gaztea & Poulenc. Musikene’ kontzertu bereziarekin amaituko dute, abenduaren 7an. Bertan, organoak Musikene Orkestra Sinfonikoaren laguntza izango du. Organo kontzertu-zikloraren sarrerak salgai daude www.euskalduna.eus webgunean.