Kuadrilla Eguneko bazkarirako prestaketa lanetan dabiltza Ispasterren
232 herritar elkartuko dira bazkarian. Goizetik bazkarirako prestaketa lanetan dabiltza ispastertarrak, umeak bolo jolasean murgilduta dauden bitartean.
Egun berezia da gaurkoa ispastertarrentzat, izan ere, guztiak elkartzeko eguna izaten da Kuadrilla Eguna. Gainera, aurten, inoiz baino gehiago batuko dira 17. Kuadrilla Eguneko bazkaritan; 232 herritar guztira.
Goizean-goizetik dabiltza herritarrak bazkarirako prestaketa lanetan. Kuadrillaka banatu, bakoitzak bere osagaiak bildu, eta 14:30ean dena prest izango dute herritarrek. Bitartean, umeak bolo jolasean murgilduta dabiltza. Duela bi urte antolatu zuten lehen aldiz umeentzako bolo jolasa, eta izandako harrera ona ikusita, aurten ere errepikatu egin dute.
Astea eguraldiari begira pasa badute ere, zortea izan dute gaur ispastertarrek, izan ere, goizeko orduetan eguzki izpiek berotu dute elizako aterpea.
Bazkaldu ondoren, kuadrilla bakoitza arduratu beharko da erabili duen materiala garbitzeaz. Gero, berritasun gisa, bingo musikatua egingo dute, eta 17:00etan bi otzara zozkatuko dituze. Hala ere, arratsaldean ere egongo da zertaz gozartu Ispasterren. Goizean umeen txanda izan bada ere, 18:00etan, nagusien bolo txapelketari ekingo diote, eta 21:30ean, txapel jaurtiketarako prestatu beharko dira herritarrak.