Askotariko ekintzez beteta dator aurtengo Etxelilako programazioa
Ikasturteko programazioan berrikuntzak ere txertatu dituzte; esaterako, aholkularitza juridikoaren zerbitzua hobetu dute. Ikastaroetan izena emateko epea gaur [urriak 8] ireki da.

Ondarroa feminismoz busti, eta Etxelila erreferentziazko espazio izaten jarraitzeko helburuagaz, ikasturte guztiko programazioa aurkeztu du Ondarroako Udal Berdintasun Sailak. “Ondarroa feminista eraikitzera bidean, feminismoan oinarritutako ekintzak antolatu ditugu, herritarrek parte hartzeko. Urtero legez, aurtengo eskaintza ere zabala izango da, eta askotariko ikastaro, hitzaldi zein erakusketak egongo dira Etxelilan”, azaldu du Naiara Burgoa Lizarraga Ondarroako Udaleko Berdintasun zinegotziak. Ikastaroetan izena emateko epea gaur [urriak 8] ireki da.
Aurten, iaz bezala, bi zerbitzu egongo dira martxan Etxelilan: aholkularitza juridikoa eta sexuen aholkularitza gunea. Ikuspuntu feministatik eskainitako doako zerbitzuak direla azaldu du Burgoak. Aholkularitza juridikoaren zerbitzuari dagokionez, gai juridiko ezberdinetan arreta, informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen ditu. Gainera, aurten, hobekuntzak izango ditu zerbitzuak: “Iazko ikasturtean arrakasta handia izan zuen zerbitzuak, txanda guztiak bete ziren-eta. Ikasturte honetan berrikuntzekin dator; LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen erasoak artatuko dira, baita ere, arrazakeria kasuak”. Zerbitzua hilabetean bi egunetan emango da Etxelilan, eguenetan, 16:15etik 19:15era.
Bestalde, Sexuen aholkularitza gunea sexualitateari buruzko gai ezberdinen informazioa eta aholkularitza jasotzeko zerbitzua da: “Sexualitate eta indarkeria matxistaren prebentzioaren inguruan arreta zuzena eskaintzen du, eta norbere burua hobeto ulertzeko aholkuak eta harremanen artean gertatzen diren zailtasun eta plazeraren inguruko galderak argitzeko zerbitzua da”. Hilabetean behin eskainiko da zerbitzua Etxelilan, martitzenetan, 16:30etik 19:30era. Hala re, posta elektroniko edota sare sozialen bitartez ere egin daiteke kontsulta: sexuaholkularitza@ondarroa.eus helbidera edo @lahia3.0 instagram kontura idatzita.
Zerbitzuez gain, solasaldiak eta ikastaroak ere egongo dira Etxelilan. Solasaldien helburua egun interesgarriak diren gaiak eta eztabaidak erdigunera ekartzea da. Hala, herritar guztientzat irekiak izango dira, gizonei zuzendutako saioa izan ezik: “Aurten, gizonei zuzendutako saio bakarra egongo da, otsailaren 4an [eguaztena], 18:00etan. Joan den urtean apustu sendoa egin genuen gizonei bideratutako saioak ekartzeko, baina hala ere, nahiz eta hasiera batean lehenengo ikastaroek arrakasta izan zuten, hurrengoetarako interes falta sumatu genuen. Hala ere, aurten gizonei bideratutako saioa egingo dugu; izan ere, beharrezkoa ikusten dugu feminismotik gizonak interpelatzea, haiek ere borroka honetan nolabaiteko ardura hartzeko. Herria feminismotik eraiki nahi badugu, denon inplikazioa beharko da, eta horrek, gizonen eraldaketa bat eskatzen du”.
Beraz, otsailean burutuko da saioa, Eihera kooperatibako kide den Iñi Etxezarretaren eskutik, Eraso matxistak eta hauen kudeaketa: Zein da gizonon eratzunkizuna? nola jokatu? izenburupean. “Ezjakintasun, beldur, laguntasun, aliantza, konplizitate edo zigorrengatik, gizon askok, maiz, ez dute eraso matxistekiko nahikoa ardurarik hartu. Horregatik, erasoen plano ezberdinak aztertu, horiei nola eta nondik erreparatu, kontuan izateko ikuspegietan sakondu eta heldulekuak landuko dira saio honetan”. Aurretiaz izena eman beharko dela aipatu du Berdintasun zinegotziak.
Izen ematea, zabalik. Ikastaroei dagokienez, izen ematea irekita dagoela adierazi du Burgoak. “Aurten, berrikuntza gisa, 10-11 urte bitarteko gazte feministei zuzendutako ikastaroak izango ditugu: autodefentsa feminista eta hilekoa ezagutzen. Horrez gain, beste zenbait ikastaroen artean DJ tailerra egongo da Ostaizka Esteli eta Serra Pozoren eskutik. Bertan, DJ izatea zer den azalduko dute, musikarekiko harremanaz hausnartu eta abestiak nahasten erakutsiko dute”. Horrez gain, irrati-ipuin tailerra ere egongo da, Radixu Irratiako kideek dinamizatuta: “Irrati ipuin baten grabaketaren bitartez irratiaren arlo teknikoa ez ezik, zuzeneko irratsaio bat nola egiten den ezagutuko dugu. Radixu Irratian, emakumeen ahotsak ozen zabalduko ditugu uhinetan”.
Urtero legez, aurten ere, erakusketa ezberdinak egongo dira Etxelilan. “Aurten, herriko emakume sortzaileen erakusketak egongo dira. Duela urte batzuk egin genuen, eta berreskuratzeko ideia izan dugu. Izan ere, herrian emakume sortzaile asko daude, eta espazioa emateaz gain, ikusgarritasuna eman nahi diegu”.
Talde irekiak. Etxelila espazio hutsetik haratagoko etxea da Ondarroako emakume eta disidenteentzat, eta badira antolatzen dira zenbait talde ere: Andrabanda feminista, Andrak erramutan, Aringaingan, Boga-boga emakumeen elkartea, Kakorratz taldea, Gazte feministen txokoa eta Ondarroako euskal wikiemakumeak. “Gainera, 2026an Aringaingan taldeak hamar urte beteko ditu; beraz, ikasturte berezia izango da”. Burgoak azpimarratu duenez, interesa duen orok parte hartu dezake aipatutako taldeetan.