Bigarrenez jarraian, Boni Plazak irabazi du Bizkaiko 34. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa
Ekainaren 21ean hasi zuten txapelketa, eta zapatuan eman zieten amaiera Berriatuko bolatokian. Guztira 70 bolari baino gehiagok parte hartu dute txapelketan. Taldekako garaipena Asterrikarentzat izan da.

Berriatuko bolatokiak hartu zuen joan den zapatuan [urriak 4] Bizkaiko 34. Bola Joko Txapelketa, eta garaipena ez da urrutira joan. Izan ere, Boni Plaza Markina-Xemeinen bizi den asterrikarra izan zen onena 77 bolariren artetik; bigarren urtez jarraian lortu du Plazak Bizkaiko Txapelketa irabaztea.
Markina-Xemeingo Amalloko bolatokian hasi zuten txapelketa partaideek, ekainaren 21ean, eta uda guztian 11 jardunaldi eginda, hamabigarrena eta azkena jokatu zuten zapatuan 37 bolarik. Hala, Asterrikako taldeko Plazak 26 bola sartu eta 60 txirlo bota zituen. Lehia bizia ikusteko aukera egon zen, izan ere, atzetik geratu ziren Lauzirika taldeko Jon Aransolo bola bat gutxiago sartuta eta Jose Angel Fernandez, bi bola gutxiago sartuta; Aransolok 58 txirlo eta Fernandezek 48 bota zituzten. Nesken artean lehenengoa, ostera, Berriatuko taldeko Nekane Anta izan zen, 18 bola sartu eta 42 txirlo botata. Podiuma Goita taldeko Aitziber Olaizolak (16 bola sartuta eta 34 txirlo botata) eta Santa Eufemia taldeko Olatz Aranok (18 bola sartuta eta 32 txirlo botata) osatu zuten.
Taldekako garaipena, ostera, Asterrika taldearentzat izan da, guztira 180 txirlo botata. Atzetik geratu da Lauzirika taldea, 154 txirlogaz, eta Berriatua taldeak osatu du podiuma, 142 txirlogaz. Bikoteka, ostera, Lauzirika taldeko kideek (Aransolo eta Fernandez) lortu dute irabaztea, guztira 106 txirlogaz. Asterrikarrek osatu dute podiuma: Mateo Guenaga eta Plaza geratu dira bigarren, guztira 94 txirlogaz, eta Jabier Osoro eta Sebas Aranzabal hirugarren, 86 txirlogaz.
Benjaminetan, ostera, Luken Martino Berriatuko taldekoak alde nabarmenagaz lortu zuen garaipena: 14 bola sartu zituen eta 31 txirlo bota.

Boni Plaza irabazlea.Jabier Martino