Bullet Teams Serieseko final handia jokatuko dute zapatuan
Barikuan [urriak 10] finalerdiak jokatuko dituzte 18:00etatik aurrera, eta zapatuan [urriak 11] ordu berean hasiko dira finalak. Zapaturako sarrerak eskuragarri daude.
Hirugarren jardunaldia atzean utzita, prest daude Bullet Temas Series txapelketako puntistak laugarren eta azken jardunaldiari ekiteko. Aste honetan bi egunetan izango dira partidak: barikuan [urriak 10] jokatuko dituzte finalerdiak, eta zapatuan [urriak 11] final handia.
Hala, Lekue, Zuloaga, Urbieta eta Atainen taldeak prest daude euren onena emateko. Lau taldeetako neskek emango diote hasiera lehiari. Lehengo, Erika eta Alize (Lekue) ariko dira Maiteren eta Maiaren (Zuloaga) aurka, eta ostean, Lur-Frida (Urbieta) eta Naroa-Arai (Atain) bikoteen txanda izango da. Euren erreleboa mutilek hartuko dute, eta lehenengoak kantxaratzen Aaron eta Argoitia (Lekue) izango dira, Txanikaren eta Atainen (Zuloaga) aurka. Jarraian, Erik eta Salegi (Urbieta) ariko dira Zelaiaren eta Oihernarden (Atain) aurka.
Lau partidetako irabazleek finalak jokatuko dituzte zapatuan; finalerdietarako sarrera doan den arren, finalerako sarrerak 10 euroren truke erosi daitezke Bullet Teams Series txapelketaren web orrian edo lehiatilan.
Final handia. Gaur gaurkoz sailkapen orokorreko liderra Lekueren taldea den arren (26 puntu), dena dago erabakitzeke zapatuko finalera arte. Bigarren postuan Urbietaren taldea dago, 14 puntugaz, eta atzetik, puntu bat gutxiagorekin, Atainen taldea dago (13 puntu). Laugarren postuan, ostera, Zuloagaren taldea dago, 10 puntugaz.
Final handirako lehiatik kanpo geratu dira Elkororen taldea (9 puntu) eta Antxonena (8 puntu). Elkororen taldeak bigarren jardunaldiarekin amaitu zituen final aurretik egin beharreko lan guztiak, eta ez zuten finalera sailkatzea lortu. Antxonen taldearentzat, ostera, joan den astean jokatutako hirugarren jardunaldiarekin heldu zen txapelketaren amaiera. Izan ere, neskek finalerdia irabaztea lortu zuten arren, mutilek ez zuten garaipena lortu; era berean, neskek hirugarren jardunaldiko finalean ere galdu egin zuten.
Hain zuzen ere, joan den barikuan [urriak 3] Elaia eta Maialen (Antxon) Lurren eta Fridaren (Urbieta) aritu ziren: “Antxonen taldearentzat garrantzitsua zen irabaztea sailkatu ahal izateko”. Hala, Elaia eta Maialen sailkatu ziren finalera.
Barikuko bigarren partida Antxonen eta Urbietaren taldeko mutilek jokatu zuten: “Antxon kapitainak Aratz gaztearekin jokatu behar izan zuen ordezko modura. Salegiren eta Eriken aurka aritu ziren, eta bikote gogorra osatzen dute azken horiek. Inork espero ez zuen arren, sekulako partida jokatu zuten”. Hala, hirugarren setera heldu ziren puntistak, eta Antxonen taldeak “ia ezustekoa” eman zuen arren, Urbietaren taldeak irabazi zuen.
Zapatuan [urriak 4], aldiz, Lekueren eta Atainen taldeen txanda izan zen. Erika eta Alize (Lekue) aritu ziren Naroaren eta Arairen (Atain) aurka, eta Aaron eta Argoitia (Lekue) Zelaiaren eta Oihernarden (Atain) aurka: “Partida biak, neskena nahiz mutilena, oso gogorrak izan ziren, baina Lekueren taldeak bi partidak irabaztea lortu zuen”.
Hala, domekako finaletara indarberrituta heldu ziren puntistak. Nesketan Erika-Alize (Lekue) bikotea aritu zen Elaiaren eta Maialenen (Antxon) aurka, eta Lekueren taldeak lortu zuen garaipena. Mutiletan, ostera, Erik-Salegi (Urbieta) bikoteak jokatu zuen Aaron-Argoitia (Lekue) bikotearen aurka: “Aipatzekoa da Argoitiak Duragon partida bat jokatu eta zuzenean etorri behar izan zuela Markina-Xemeinera. Nahiz eta lehenengo setean Salegik eta Erikek 15 eta 3 irabazi eta partida erraz amaituko zutela eman, bigarren setean buelta ematea lortu zuen Lekueren taldeak”. Hala, garaipena lortu zuten Aaronek eta Argoitiak.
Sailkapen orokorra.
- Lekue. 26 puntu. Aaron-Argoitia eta Erika-Alize.
- Urbieta. 14 puntu. Erik-Salegi eta Lur-Frida.
- Atain. 13 puntu. Zelaia-Oihenard eta Naroa-Arai.
- Zuloaga. 10 puntu. Txanika-Atain eta Maite-Maia.
- Elkoro. 9 puntu. Bixente-Uranga eta Helena-Arakistain.
- Antxon. 8 puntu. Cosme-Bailo eta Elaia-Maialen.