Palestinaren aldeko mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak
Euskal Herriko herri eta auzoetan mobilizazioak deitu ditu Mugimendu Feministak urriaren 10 [barikua] eta 11rako [zapatua]. Lea-Artibain, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Lekeition deitu dituzte mobilizazioak.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioak deitu ditu urriaren 10 [barikua] eta 11rako [zapatua] Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu! lelopean. Besteak beste, elkarretaratzeak, performanceak edota manifestazioak egiteko deia zabaldu du.
Lea-Artibai eskualdean Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition egingo dira mobilizazioak. Ondarroan, barikuan [urriak 10] elkartuko dira, 19:00etan, eta manifestazio zaratatsua egingo dute, Zaldupeko zubitik hasi eta Alamedaraino. Ondarroako Mugimendu Feministak Palestinako banderak eta zarata ateratzeko tresnak eramateko deia egin du. Markina-Xemeingo Mugimendu Feministak zapaturako [urriak 11] egin du deia; Arkupean batuko dira, 13:00etan. Lekeition, berriz, giza katea egingo dute domekan [urriak 12], eta Hispanitatearen egunarekin lotuko dute: “Palestina jasaten ari den genozidioa salatzeko giza katea osatuko dugu, eta amaieran, aste guztian egiten ari garen murala amaituko dugu. Ondoren, muralaren inguruan ekitaldi xume batekin emango diogu amaiera ekimenari. Urriaren 12a aukeratu dugu honako ekintza hau egiteko, Hispanitate egunaren testuinguruan; izan ere, Palestinaren aldeko aldarriak zabaltzeaz gain, herrien gaineko zapalkuntzarekin lotu nahi genuen”.