Eskualdea ezagutzeko eta gozatzeko aukera paregabea

Lea-Artibai Fest jaialdiaren laugarren edizioa urriaren 18, 19, 25 eta 26an ospatuko da aurten, eskualdeko txoko eta baliabide ezberdinak ezagutzera emateko helburuarekin. Leartibai Fundazioak antolatzen du egitasmoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta jarduera kulturalak, naturalak zein gastronomikoak uztartuko dira bertan.
Leartibai Fundazioaren arabera, “festibalaren bidez gure eskualdeko ondarea eta baliabide turistikoak modu ludikoan ezagutzera ematea” da helburua, betiere bertako enpresa turistiko eta ostalariekin elkarlanean. Jarduera gehienetan Hamen Bertokoa ekimenaren bidez eskualdeko produktuak dastatzeko aukera izango da, tokiko ekoizle, jatetxe eta merkatarien eskutik.
Gainera, Leartibaitik garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dute, Bizkaibusen “Bizkaibus Mueve Bizkaia, Bizkaia Mugitzen” kanpainaren baitan.
Lekeitio, lehen geldialdia. Urriaren 18an, zapatuan, lehen jarduera Lekeition izango da (10:30-13:30). Bisitariek Isabel II. erreginak 1868an herrian egin zuen ibilbidea ezagutuko dute, Argaizto parkean hasi eta hainbat gune historiko zeharkatuz: Lezeako gurutzea, Pipas txakolindegia, Sosoaga jauregia edo Santa Elena ermita, besteak beste. Ibilbidea Atea tabernako txakolin eta pintxo dastaketarekin amaituko da.
Hurrengo egunean, urriaren 19an, domekan, Ispasterren egingo da ibilaldi geologiko bat (10:00-13:00), Ogeiako hondartza eta kostaldea aztertuz. Hasi aurretik, hamaiketakoa egingo dute Herriko tabernan.
Arrain usaina eta Errege bidea. Bigarren asteburuan, urriaren 25ean, Ondarroako lonjan bisita gidatua egingo da (11:00-12:30). Bertan, neskatilek eguneroko lanaren xehetasunak azalduko dituzte, eta bisita txakolin kopa eta arrain pintxo batekin borobilduko da. Arratsaldean, 16:00etan, Errege bidearen ibilbide gidatua egingo da Ondarroatik Berriatuara, bide historikoaren pasarte eta istorioak ezagutzeko aukera eskainiz.
Markina-Xemein eta Etxebarria azken egunean. Urriaren 26an, Markina-Xemeinen eta Etxebarrian egingo dira goizeko jarduerak (11:00-13:30). Arretxinagatik abiatuta, pilotaren unibertsitatea eta Urko ibilbidea ezagutuko dira, eta bisita Antsotegi hotelean bukatuko da, eskualdeko 0 km-ko produktuen dastaketarekin.
Arratsaldean, Lekeition eta Ispasterren, PUN! PAN! PIN! izeneko sorkuntza eta estanpazio tailerra izango da (16:30-18:00). Familiei eta publiko orokorrari zuzendutako saio honetan, parte-hartzaileek beren zigiluak sortuko dituzte hainbat materialetan estanpatzeko.
Leartibai Fundaziotik herritarrak eta bisitariak gonbidatu dituzte “eskualdea hobeto ezagutzeko eta esperientzia berezi honetaz gozatzeko”. Jarduera guztiak doakoak dira, baina aurrez izena eman behar da, plaza mugatuak direlako.