Internazionalismo feminista, genozidioaren aurkako lanabes
Lea-Artibaiko udalerrietako mugimendu feministek Palestinaren aldeko mobilizazioak antolatu dituzte, sarraskia salatzeko eta hala herritarrei, nola erakunde zein enpresei "dagokien posizioa" har dezatela eskatzeko.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzera biltzeko deialdia luzatu du asteburu honetan, eta dei hori hori ez da inondik inora airean geratu Lea-Artibain. Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako mugimendu feministek, izan ere, tokian tokiko mobilizazio eta ekimenak antolatu dituzte. Ondarroan, manifestazio zaratatsua egin zuten barikuan [urriak 10], Zaldupeko zubitik hasi eta Alamedaraino. Markina-Xemeinen, berriz, zapatuan [urriak 11] ipini zuten hitzordua, Arkupean.
Feministok Palestinarekin lelopean, adierazi zuten palestinarrak jasaten ari direnak izen propioa duela: “Genozidioa”. Basakeriaren aurrean “antolatzeko prest”, Global Sumud ontzidiari babesa erakusteko aprobetxatu zuten herritarrek, eta emakume palestinarrek helarazitako mezua argi eta garbi utzi zuten: “Alde batetik, emakumezko palestinarrak beren-beregi jasaten ari diren genozidioa salatu gura dugu; bestetik, Palestinaren aldeko mobilizazio feministak antolatu; horrez gain, Israelen okupaziozko erregimena betikotzen duten enpresa zein erakundeei boikota adierazi nahi diegu”. Emakumeen gorputzak gerra egoeretako “lehen lur okupatuak” direla nabarmendu zuten, “haurrak” ahaztu barik. Hain zuzen ere, azken hilabeteotan 20.000 ume inguru erail ditu Israelek, eta, gainera, “gosetea arma gisa” baliatzen ari dira egun.

Herritarrak, Alamedan bilduta. Argazkia: Ondarroako Mugimendu Feminista.Ondarroako Mugimendu Feminista
Bere itxura orotan, gerra sistema “kapitalista, zisheteropatriarkal, arrazista eta kolonialistaren adierazpen gorena” dela azpimarratuta, Palestinaren alde lerratzea “askatasunaren alde lerratzea” dela aldarri egin zuten feministek. Aldarri horren muinean, mendebaldeko potentzien jarrera ere taularatu gura izan zuten: “Hainbat herrialdek Israel babesteko interesa agerian uzten dute; armak bidalketak, entrenamendu militarrak, mugen kontrola nahiz segurtasun sistemak areagotzeko proiektuen finantzazioa, NBEren bozketetako babesa eta kirol probetan israeldarrek duten babesa horren isla dira”.
‘Pinkwashing’-a salatu asmoz.
Feminismoaren eta LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak Israelen aldeko “gezurrak zabaltzeko” erabiltzen ari direla salatzeko tartea ere hartu zuten. Duela hilabete batzuk, Israel egiten ari den pinkwashing edo zuriketa larrosa plazaratu zuten Euskal Herriko transmaribollo komunitateak, komunitate horren “aldeko estatua direla sinistarazteko” asmoz: “Israel estatu zibilizatu legez eta Palestina barbaro modura kokatzeak sarraskiaren estaldura dakar, eta guk ez dugu israeldarren aldeko justifikaziorik onartuko”.

Argazkia: Ondarroako Mugimendu Feminista.
Zuriketaren aurrean, herritarrei dagokien “posizio egokia” hartzeko deia luzatu zieten: “Feminismo internazionalistak urteak daramatza Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioetan parte hartzen, eta borroka horretan segitzea dagokigu. Euskal Herriko enpresa, erakunde nahi instituzioei, aldiz, Israelekiko hartu-emana apur dezatela eskatzen diegu”.
Mendebalde “globalaren” agintarien “neurrira” proposatutako bakearen aurrean, gobernuak interpelatzen eta horiei presioa egiten jarraitu beharra aldarrikatu zuten: “Jarrai dezagun Palestinaz hitz egiten, mobilizazioak antolatzen eta elkartasun internazionalista artikulatzen. Egin dezakegun gutxiengoa da: Palestina osoa, ibaitik itsasora”.

Giza katea, Lekeitioko kaleetan barrena. Argazkia: Lekeitioko Mugimendu Feminista.
Giza katea.
Lekeitiarrek, domekan [urriak 12], Hispanitatearen Eguna deritzoneak “ospatzeko ezer” ez dutela aldarrikatu zuten: “Urriaren 12a Espainiako Erreinuko morroiek Ameriketan egindako genozidioa ospatzeko eguna baino ez da, Francok eta bere talde faxistek Espainian 150.000 hildako nahiz desagertu eragin dituela gogoratzekoa”. Eskuak eskuz helduta, udalerriko kale, plaza eta bazterrak zeharkatu zituen herritarren kate luzeak, palestinar banderak airean eta kolore modea soinean.