Lekueren taldeko Alize-Erika eta Aaron-Argoitia, Bullet Teams Serieseko irabazle
Lekueren taldeko puntistak Urbietaren taldekoen aurka jokatu zuten finala; Lekueren taldeko Alizek eta Erikak irabazi zuten Lur eta Fridaren aurka, baina talde bereko Aaronek eta Argoitiak galdu egin zuten Eriken eta Salegiren aurka.

Ikuskizun eta giro ederrean elkartu ziren bariku eta zapatuan [urriak 10 eta 11] Markina-Xemeingo Uni Frontoian. Hainbat astetako jardunaren ostean, Bullet Teams Series txapelketari amaiera eman zieten puntistek, eta Lekueren taldeak lortu zuen garaipena.
Azken jardunaldia gaindituta, finalerdien lehiarako prest zeuden barikuan [urriak 10] Lekue, Zuloaga, Urbieta eta Atainen taldeak. Lehenenego nesken txanda izan zen, eta Erika eta Alize (Lekue) lehiatu zen Maiteren eta Maiaren (Zuloaga) aurka; lehenengoek 15-8, 7-15 eta 5-4 irabazi zuten. Ostean, Lur eta Frida (Urbieta) aritu ziren Naroaren eta Arairen (Atain) aurka; lehenengoek irabazi zuten, 15-9, 10-15 eta 5-1 eginda.
Mutilei dagokienez, ostera, Lekueren taldeko Aaronek eta Argoitiak jokatu zuten Txanikaren eta Atainen (Zuloaga) aurka, eta garaipena bigarrenek lortu zuten, 15-7, 13-15 eta 2-5 eginda. Finaleko azken bikotea erabakitzeko, Erik eta Salegi (Urbieta) aritu ziren Zelaiaren eta Oihernarden (Atain) aurka, eta Urbietaren taldeak lortu zuen irabaztea, 15-9 eta 15-11 eginda.
Hala, sailkapenaren araberako aurreikuspenak betez, finalean Lekueren eta Urbietaren taldeek jokatu zuten. Neskei dagokienez, partida guztian aurretik ibili zen Lekueren taldea. Lehenengo unetik hartu zuten aurrea, eta Lur eta Frida gerturatzen saiatu ziren arren (10-5, 11-6, 12-7, 12-9), lehenengo jokoan 15-11 irabazi zuten Lekueren taldekoek. Bigarren jokoan, ostera, indartsuago atera ziren kantxara Lur eta Frida, eta markagailuak hainbat berdinketa (5-5, 6-6, 7-7) erakutsi zituen arren, finala 15 eta 10 eginda irabazi zuten Alizek eta Erikak.
Mutiletan, ostera, Lekueren taldeak ez zuen irabazterik lortu. Aaron eta Argoitiak oztopotik barik egin zuten bosgarren tantorainoko bidea lehenengo jokoan (5-0) eta horren ostean Erik-Salegi bikoteak markagailuan hurbiltzea lortu zuen arren (10-8), garaipena Lekueren taldekoentzat izan zen, 15 eta 9 irabazita. Bigarren jokoan, ostera, bestelakoa izan zen partida. Urbietaren taldea hasi zen aurretik (0-3) eta hala mantendu zen joko osoan. Lekueren puntistek hurbiltzeko saiakerak egiten zituzten arren (4-7, 7-11, 8-14) ez zuten lortu Erik eta Salegiri aurre egitea; 8-15 irabazi zuten Urbietaren puntistek. Berdinketa haustean ere, azken unera arte zalantza izan zen nagusi. Markagailuak 2-2 eta 3-3 modukoak markatzen zituen, baina azken bi tantoak Erikek eta Salegik lortu zituzten; hala, Urbietaren taldeak irabazi zuen mutilen finala.
Jon Zabala Bullet lehiaketaren antolatzaileetako batek adierazi duenez, lehiaketaren bigarren aldia “arrakastatsua” izan da: “Bigarren aldi hau arrakastatsua izan dela uste dugu, eta datorren urtean berriro egitea espero dugu. Puntistek oso motibatuta jokatu dute, eta ikusten dugu beharrezkoa dela mota honetako txapelketak, mistoak, antolatzea, zesta-puntako promesa gazteak balioesteko”. Izan ere, Euskal Herrian egiten den zesta-punta txapelketa misto bakarra da. Ildo beretik, Juanan Goñi Guuk-eko zuzendari nagusia ere pozik agertu da txapelkatagaz.