Mendi Astearen barruan egingo dute Txara Trail lasterketa
Urriaren 23tik 26ra Mendi Astea ospatuko dute Markina-Xemeinen. Txara Trail lasterketa urriaren 25ean izango da, baina aurreko nahiz osteko egunetan mendiarekin lotutako ekintza ugari egongo dira herrian.

Urtero bezala, Mendi Asteak aukera paregabea eskainiko du mendizaletasuna eta kultura eta elkartasuna uztartzeko, eta Markina-Xemein mendizaleen topagune bihurtuko da berriro ere. Markina-Xemeingo Udalak, Artibai Mendigoizale Taldeak, Aringa-Aringa Taldeak eta Antsotegi Hotelak elkarlanean urriaren 23an hasi eta urriaren 26ra arte hamaika ekintza antolatu dituzte, Leaktibai, Lea Artibai Ikastetxea eta Opelaren babesagaz. Denetarik egiteko aukera egongo da, besteren artean, hitzaldiak, mendi ibilaldiak, orientazio proba eta mendi filmak ikusteko aukera. Aurtengoan, gainera, Txara Trail lasterketa Mendi Astearen barruan sartzea erabaki dute.
Hala, asteari hasiera Antsotegi Hotelean emango diote Eleder Calderon eta Palbo Escuderoren hitzaldiagaz: “Andeetako bidaia baten kronika kontatuko digute, menditik haratago doan esperientzia baten kontakizunak dira”. 19:00etatik aurrera Gailur eta kebraden artean hitzaldia emango du bikoteak.
Zapatuan [urriak 25] ostera, mendizaleen artean gero eta errotuago dagoen IV. Txara Trail lasterketa egingo dute Aringa-Aringa Taldearen, Antsotegi Hotelaren, Alpino Mendi Taldearen eta udalaren eskutik. Lasterketak berrikuntza bat izango du: irteera eta helmuga herrigunera mugituko dituzte. “Lehenengo Arretxinagan ipini genituen irteera eta helmuga, baina txiki geratu zitzaigun. Iaz Xemein etorbidera aldatu genuen, baina aurten hor autokarabanentzako gunea egongo denez, herrigunera aldatzea erabaki dugu”, adierazi dute antolatzaileek. Hala, eguraldi onagaz Zelaian izango dira irteera eta helmuga, eta eguraldi txarragaz, Plazabarripean. Lea Artibai Ikastetxeko aldagelak erabiltzeko aukera edukiko dute partaideek, eta ikastetxeko kantxan estreinakoz autokarabanentzako gunea ipiniko dute.
Hiru aukera egongo dira Txara Trailean parte hartzeko. Alde batetik, 09:30ean mendi maratoi erdia aterako da: 21 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboa izango ditu. Bestalde, 10:00etan Txaramotx lasterketa hasiko da; 10 kilometroko ibilbidea izango da, eta 600 metroko desnibel positiboa edukiko du. Azkenik, lasterketaren presiorik barik parte hartu nahi dutenek ere edukiko dute aukera. 08:00etan abiatuko dira Txara Martxak, 10 kilometrokoa edo 21 kilometrokoa aukeran. Izen ematea urriaren 24ra arte egongo da martxan, eta txara-trail.github.io web orritik egin daiteke.
Txara Trail lasterketa amaitu eta indarrak errekuperatu ostean, 18:00etan solasaldia egingo dute kultur aretoan, Oihana Azkorbebeitiaren eta Alex Arrateren eskutik.
Mendi Asteari amaiera. Domeka [urriak 26] heltzeagaz batera amaituko dute markina-xemeindarrek aurtengo Mendi Astea, baina egun horretan ere, edukiko dute zer egina. Goizean urteroko orientazio ibilbidea egingo dute, 10:00etan Arkupe parean hasita, eta 18:30ean, Mendi Film saioa egongo da Esperantza Aretoan; sarrerak salgai daude gaurtik [urriak 13] aurrera udaletxeko kutxazainean, 5 euroren truke.
Hiru film ikusteko aukera egongo da. Mendi Film lehiaketako 2024ko Sail Ofizialeko Haize Lerroak (Janire Etxabe) filma ikusteko dute lehendabizi; 13 minutu irauten ditu. Ostean, 2024an Mendi Film Bizkaia Ternua Beka eskuratu zuen Peligro. No asomarse (Dani Cascales) filmaren txanda izango da, 48 minutuz. Azkenik, 2024ko Mendi Filmeko Euskarazko Film Onena ikusiko dute, izan ere, Mikel Lizarraldek Zazpi filma aurkeztuko du: “Euskal Herriko probintzia bakoitzeko mendi garaienak lotuko ditu Mikel Lizarraldek, eta, bidean, esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa jaso eta bizitzea zer den kontatuko du. Bizitza normal bat izan nahi duen optimista burugogor baten erronka eta 300 kilometro pasatxoko bidaia 11 etapatan.”.
Egitaraua.
- Urriak 23, eguena.
- 19:00. Gailur eta kebraden artean hitzaldia, Eleder Calderon eta Pablo Escuderoren eskutik, Antsotegi Hotelean.
- Urriak 25, zapatua.
- Goizean. IV. Txara Trail lasterketa.
- 18:00. Oihana Azkorbebeitia eta Alex Arrateren solasaldia, kultur aretoan.
- Urriak 26, domeka.
- 10:00. Orientazio ibilbidea, Arkupe aurrean hasita.
- 18:30. Mendi Film, Esperantza Aretoan: Haize lerroak (Janire Etxabe), Peligro. No asomarse (Dani Cascales) eta Zazpi (Mikel Lizarralde).