Gipuzkoako Batzar Nagusiek Mijoako saneamendu-proiektuarekin jarraitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari
Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez onartu dute Mijoa errekari buruzko ebazpen proposamena. Eguzkitik balorazio ona egin dute "arazoa mahai gainenan ipini delako".

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Mijoako saneamendu proiektuarekin jarraitzeko eta obrei “ahalik eta arinen” ekiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Joan den asteko osoko bilkuran Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez onartu zuten Mijoa errekari buruzko ebazpen proposamena.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek hurrengo hiru eskaerak egin dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Uren Euskal Agentziari: “Martxan dagoen proiektua idazten jarraitzeko, Mijoa errekako isuriak jasotzeko eta Zabalera HUAn tratatu, eta proiektua amaitu ondoren, obrei ahalik eta azkarren ekitea. Saturrango gasolina zerbitzuguneari baimena emanez gero, hura zerbitzuan jarri bezain laster Mijoako saneamendura konektatzeko baldintzapean geratzea, eta egoera ekologiko eskasa duten Gipuzkoako ibaien eta erreken egoera zuzentzeko behar diren neurriak ahalik eta lasterren proiektatu, aurrekontuz hornitu eta exekutatzea”.
Ebazpenak izan ditzakeen ondorioetatik haratago, Eguzki taldeko ekologistatik balorazio “ona” egin dute: “Ebazpena aho batez onartu delako, eta, batez ere, arazoa mahaigainean ipini delako. Izan ere, askotan salatu dugu bezala, Saturrarango hondartza ondo-ondoan isurtzen den erreka horren saneamenduak hamabost bat urteko atzerapena du, eta premiazkoa iruditzen zaigu proiektu honetaz hitz egitea, baldin eta beste hamabost urtez atzeratzea nahi ez badugu, behintzat”. Gainera, Mijoako kasua ez dela bakarra onartu dute Batzar Nagusiek, eta Eguzkitik, ontzat jo dute baieztapena.
Eguzkitik jakinarazi dutenez, joan den uztailean Ura Agentziak izapidetutako espediente bat dago Batzar Nagusiek onartutako ebazpenaren oinarrian: “Espedientea Saturrarango zerbitzuguneko ur kutsatzaileak errekara botatzea legeztatzeko zen. Berez, ur horiek saneamendu sarera bota beharko lirateke. Saneamendu sarerik ez dago, ordea. Eta Saneamendu falta ez dagokio zerbitzuguneari soilik, bailara osoari baizik, Mijoako industriagunea barne”.
Hala, PPk ebazpen proposamena aurkeztu zuen Batzar Nagusietan, eta EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa banarekin erantzun zutela zehaztu du Eguzkik: “Erdibideko zuzenketa adostu dute, eta EH Bilduk ere alde bozkatu du. Beraz, aho batez onartu da”.
Gainera, zerbitzugunearen espedienteak proiektuaren xehetasunak argitzeko ere balio izan du: “Gaur egun Mijoara botatzen diren hondakin-urak Zabalerako araztegira eramateko behin betiko proiektua berriro idazteko lizitazioan dago. Berriro diogu, 2021ean ere esleitu zelako orduan behin betikotzat jotzen zen proiektu baten idazketa. Halaber, proiektu hark 2014an eta 2016an idatzitako beste bi proiektu batu behar zituen. Baina Urak erantzunean azaldu duenez, 2021eko proiektua idazteko informazioa biltzen ari zirela, Mutrikuko saneamendu sarean zenbait arazo topatu zuten, sare horren egoera aldez aurretik sakon aztertu gabe baitzegoen”. Beraz, proiektua birplanteatu egin beha izan zuten: “Urak AZTIri eskatu zion Mutrikuko kontserba lantegietako isurketak ere araztegira bidaltzeko aukera aztertzeko, oso isurketa gaziak baitira. Azterketak ondorioztatu zuen isurketa horien eragina leuntzeko tanke bat eraiki behar dela. Hauek dira gaur egun lizitazioan dagoen proiektu berriaren beharra azaltzen duten faktoreak. Hala ere, oraindik azterlan batzuk falta direla ere ohartarazi du Urak”.
Hala, Eguzkiren arabera Mijoako saneamenduaren obrak ez dira hasiko ez bihar ezta etzi ere. “Arestian esan bezala, gainean egotea komeni da, baldin eta beste hamabost urte alferrik pasatuko ez badira, behintzat. Horregatik ontzat jo du Eguzkik Batzar Nagusietan onartutako ebazpena”.