Martxan dago Lea Ibarrako egutegi lehiaketa
Lanak aurkezteko azkenengo eguna azaroaren 2a [domeka] izango da. Argazkiak Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa osatzen duten herrietan ateratakoak izan beharko dira.
Urtero legez, Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoak 2026ko egutegia osatzeko lehiaketa abiatu du. Argazki, marrazki edo ordenagailuz egindako konposaketak jasoko dituzte, eta azaroaren 2a [domeka] lanak entregatzeko azkenengo eguna. Lea Ibarrako ohiturak izango da gaia.
Aurkezteko orduan titulua jarri beharko zaio lanari, eta non ateratako argazkia den jakinarazi beharko da. Lana, posta elektronikoz bidali beharko da mankomunazgoa@gmail.com helbidera, egilearen izen abizenekin batera. JPG formatuan aurkeztu behar dira lanak, horizontalean, eta gutxienez 10 mpx-eko tamaina izan beharko dute. Gainera, egile bakoitzak bere lanetatik bakarra aukeratu beharko du ikusleen sarirako bozketan parte hartzeko.
Argazkiak Lea Ibarrako Udal Mankomuniazgoa osatzen duten herrietan ateratakoak izan beharko dira, eta jendea gertuz gero, baimena eskatu beharko da. Horrez gain, inoiz argitaratu gabeko lanak izan beharko dira, eta pertsona bakoitzak gehienez lau aurkeztu ahalko ditu. “Aurkezten diren irudiak Lea Ibarrako Udal mankomunazgoaren esku geldituko dira bere erabilerarako”.
Sariak. Epaimahaiaren saria 250 euro izango dira, baita ikuslearena ere. Azaroaren 10etik 14ra egongo da bozkatzeko aukera. Finalista geratzen diren hamabi lanak argitaratuko dira, izenburuagaz eta egilearen izen-abizenekin.