'Gurie erabili zeinke' kanpaina ipiniko dute martxan, umeak mugikorrik gabe mugitzeko helburuagaz
8 eta 16 urte bitartekoek, beharra izanez gero, herriko 11 establezimendutako telefonoak erabili ahalko dituzte. Markina-Xemeingo Altzau burue taldeak, udalak eta Hemen Be Bai elkarteak urriaren 20an ipiniko dute martxan kanpaina.

Altzau burue taldeak, Markina-Xemeingo Udalak eta Hemen Be Bai merkatarien elkarteak urriaren 20tik aurrera Gurie erabili zeinke kanpaina ipiniko dute martxan, herriko ume eta nerabeak mugikorrik gabe ere segurtasunez eta askatasunez mugitu daitezen.
8 eta 16 urte bitartekoei zuzendutako kanpaina da, eta herriko establezimenduak nahiz zerbitzu publikoak izango dira ekimenaren oinarri. Kanpainan parte hartzen dutenek Gurie erabili zeinke pegatina identifikatzailea edukiko du, eta hala, umeek beharra izanez gero, bertako telefonoa erabili ahal izango dute. Urtebete iraungo du kanpainak, eta horren ostean balorazioa egin eta etorkizunean nola jarraitu erabakiko dute.
Helburu argiak dituzte. Alde batetik, umeei mugikorra erabiltzeko beharra murriztu nahi diete, eta ildo beretik helduko da umeek esparru publikoa berreskuratu eta erabiltzea ere: “Kaleak eta auzoak ezagutu ditzaten nahi dugu, eta horietan seguru sentitzea”. Era berean, kanpainak zaintza komunitarioaren eredua sustatuko du: “Komunitateko kideen laguntza, babesa eta koordinazioa indartu nahi ditugu”. Horrek, umeek erreferentziazko heldu gehiago edukitzea ahalbidetuko du, gizarte sarea indartuz.
Kanpaina martxan dago jada, eta gaur gaurkoz, honako establezimendu eta zerbitzuek parte hartzen dute: Mapfre, Kareaga, Opela, Tate, SK8, Loirats, Kris ileapaindegia, Ulemotx, Ixaie, Barroeta (bulegoa eta taberna) eta udaltzaingoa. Kanpainagaz bat egin nahi dutenek urria amaitu baino lehen egitea gomendatu duten arren, urte osoan zabalik egongo da bat egiteko aukera; Hemen Be Bai merkatari elkartearekin edo Altzau burue! Markina-Xemein taldeagaz harremanetan jarriz batu daiteke kanpainara.
Diagnostikoa. Kanpaina martxan ipini aurretik, Altzau burue! Markina-Xemein taldeak diagnostikoa egin du herritarren artean. Bertan hainbat datu jaso dituzte: umeak mugikorra modu autonomoan erabiltzen hasten diren adina, zer beharri lotuta dagoen erabilera, umeen joan-etorriak eta zein espaziotan egoten diren euren kabuz.
Galdetegia 2024an egin zuten, eta 240 seme-alaben gurasoek erantzun zuten. Emaitzei dagokienez, gurasoen %90 kezkatuta agertu zen gaiaren inguruan, eta mugikorra dutenen artean gurasoen %37k uste du seme-alabek mugikorren erabilera desegokia egiten dutela; %36k, ostera, erabilera egokia egiten dutela. Mugikorra dutenen %44k DBH 1. mailan jaso zuen mugikorra, %23k LH6n eta %15ek DBH2n. Mugikorra ez dutenen artean, ostean, gurasoen %60 mugikorra ahalik eta beranduen ematen pentsatzen ari da, %12k ez dauka argi eta %10ak DBH 1. mailan ematea pentsatzen du.
DBH 1. mailan daudenei erreparatuz, 2023an ikasleen %28ak ez zeukan mugikorrik. 2024an, ostera, %51ra igo zen mugikorrik gabekoen kopurua, eta 2025ean %59 dira mugikorrik ez dutenak.
Kanpainagaz bat egin dutenak:
- Mapfre
- Kareaga
- Opela
- Tate
- SK8
- Loirats
- Kris ileapaindegia
- Ulemotx
- Ixaie
- Barroeta bulegoa eta taberna
- Udaltzaingoa.