Haztegia Lea-Artibain parte hartu nahi duten nekazarien bila ari dira
Nekazaritzarako test gunea da, ortugintzan aritu nahi dutenentzat prestatua. Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak eta eskualdetako udalek ipini nahi dute martxan egitasmoa. Curriculumak urriaren 31 orduko aurkeztu behar dira.
Lehen sektorea indartu eta ekoizle berriak eskualdean kokatzeko helburuagaz Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak Haztegia Lea-Artibai ipini nahi du martxan, eskualdeko udalen laguntzagaz. Nekazaritzarako test gunea da martxan ipini nahi dutena, ortugintzan aritu nahi dutenentzat.
Hala, Haztegia Lea-Artibaik lehen sektorean interesa duten nekazari profil berriei “lan mundurako saltoa erraztu” nahi die, belaunaldien errelebo faltari erantzuna emateagaz batera. Horretarako, ekintzailearen bilaketa egiten ari dira: norbere ortugintza ustiategia ipini nahi dutenek curriculuma aurkeztu beharko dute landagarapena@leartibaifundazioa.eus helbide elektronikora idatziz, urriaren 31 baino lehen. Era berean, elkarteko kideek adierazi dute bestelako lehen sektoreko aktibitatean aritu nahi duenik egongo balitz, “gustura” entzungo dituztela proposamenak.
Martxan ipini gura duten haztegiak beharrezko azpiegiturak edukiko ditu proiektua aurrera eroateko. Guztira 11.700 metro karratu egongo dira bi ekintzailerentzat, 1.500 metro karratuko negutegiak, lan-tresnak, makineria eta biltegia. Horrez gain, lurra lantzen ari diren bitartean prestakuntza zein aholkularitza jasoko dute nekazariek, eta baita norbere salmentatik lortzen diren sarrerak osatzeko soldata bat ere.
Haztegia Ispaster eta Lekeitio artean kokatuta dago, Eluntzetako (Maderas de Lekeitio) lurretan. Ekintzaileak hautaketa prozesu baten bidez aukeratuko dituzte, eta 2026ko otsailean hasiko dira martxan. Bi urtez egon ahalko dira haztegian lanean.
Parte hartzeko baldintzei dagokienez, ezinbestekoa izango da nekazaritza sektorean enpresa bat garatzeko interesa izatea eta gidabaimena edukitzea. Era berean, kontuan hartuko dute nekazaritzako lanetan edo ikasketetan esperientzia edukitzea, eskualdean bizitzea, bi pertsona edo gehiagoren arteko ekimena izatea, gaztea izatea, emakumea izatea eta euskararen ezagutza.