Markina-Xemeingo Udalak diruz lagunduko ditu herritarren euskara ikasketak
Urriaren 22ra arte zabalik egongo da dirulaguntza eskatzeko epea.
Markina-Xemeingo Udalak helduen euskalduntzean eta alfabetatzean daukan konpromisoa berretsi du. Hala, aurrekontuko diru sail bat ikasturtean euskalduntze ikastaroetara joan diren edo joango diren herritarrei dirulaguntzak emateko erabiliko dute.
HABEk homologatutako edozein euskaltegitan euskara ikastaroak egin dituzten edo egiten ari diren Markina-Xemeinen erroldatuta dauden herritarrek eskatu ahal izango dute dirulaguntza. Horretarako epea zabalik egongo da urriaren 22ra bitarte, eta eskaera-orria eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dura udaletxeko Berton bulegoan (08:15-14:30) edo emailez udala@markina-xemein.eus helbidera idatziz.
Dirulaguntza ikastaro osoko asistentzia %80 edo altuagoa dutenek, ikastaroan bajarik eman ez dutenek eta aprobetxamendua islatzen duen egiaztagiria aurkezten dutenek jaso ahalko dute. B1 mailara arte ordaindutako kopuruaren 100% jasoko dute bueltan ikasleek, eta gainontzeko mailetan (B2, C1 eta C2) urteko diru sarreren eta ikasmailaren araberako izango da bueltan jasoko dutena. Informazio gehiago eta oinarriak osorik markina-xemein.eus web orrian argitaratu dituzte.