60 urteko bidea omentzeko Kulturaren Jaialdia
60. Durangoko Azokaren mezua eta iruditegia plazaratu dituzte, Landakon. Abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo dute aurtengo ekitaldia. Azokak lelo bakarra edukiko du aurrerantzean: Kulturaren Jaialdia. Palestinako genozidioa «presente» egongo da aurten. Iratxe Reparazek sortu du azokaren 60. aldiaren iruditegia.

Landako Gunea Euskal Herriko kultur sorkuntzaren epizentro eta erakusleiho nagusiena izateko prest dago berriro: Durangoko Azoka ate joka dago. 60 urteko ibilbide oparoa beteko du aurten azokak, abenduaren 5etik 8ra.
Gaur [urriak 16] egin dute aurtengo ekitaldiaren mezua eta iruditegia argitara emateko aurkezpen agerraldi ofiziala, Landako Gunean bertan. Aurkezpenen egon dira Gerediaga Elkarteko antolakuntzan nahiz azokagunearen espazioen antolaketan dabiltzan ordezkariak, babesle eta laguntzaileekin batera: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Durangoko Udala, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Konfekoop eta EITB.
Azokaren sorreran zein garapenean “bultzatzaile” izandako guztiei eskerrik beroenak emanez ekin dio bere esku hartzeari Beñat Gaztelurrutiak. Gainera, Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak bereziki gogoratu gura izan du berriki zendutako Izaskun Ellakuriaga elkartekidea, urte luzez antolakuntza lanetan ibilitakoa: “Izaskun uztailean joan zitzaigun, eta, beraz, sarrera hitz hauek beretzat izan behar dira; aurtengo ekitaldian, hogei urtez euskal kulturaren sustapenaren alde egindako behar handia gogoratuko eta aitortuko dugu”.
Beñat Gaztelurrutia: “Bai antolakuntzan, bai azokaren egun guztietan Palestina pairatzen ari den genozidioa behin betiko geldiarazteko deia luzatuko dugu”
Aurtengo ekitaldiari begira, azoka “bizi dugun testuinguru kezkagarri eta gatazkatsutik salbu ez dagoela” nabarmendu du Gaztelurrutiak. Gogora ekarri du ez dela “batere erraza” tankerako jaialdi bat aurrera eroateko “grinari eustea, samina barreiatzen ari den aldi honetan”. Hori dela eta, Palestinako herria 60. Durangoko Azokan “presente” egongo dela aurreratu du: “Bai antolakuntzan, bai azokaren egun guztietan Palestina pairatzen ari den genozidioa behin betiko geldiarazteko deia luzatuko dugu. Kultura, bere horretan, kritikotasunari nahiz irudimenari ateak irekitzea ere bada, eta, hala, geure ekimenak balio dezala mundu justuago zein gizatiarrago baten alde bidean elkartzeko”.
Behin betiko lelo finkoa.
60 urteko ibilbide luzea bete arren, antolatzaileek ez dute “zentralitaterik” ipini nahi data biribil edo jakinen inguruan. Horren ordez, urte horietan guztietan “garaturiko bideari” erreparatzea erabaki dute: “60. urtemuga seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra xahutu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsiko diogu, eta era horri jarduteko berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu. Asmoa da azokari egokitzen eta hobetzen segitzeko bidea ahalbidetzen saiatzea”.
Hain zuzen, bide horretan aurtengo ekitaldiarekin erlazionaturiko berrikuntzentzako tartea ere hartu du. Esanguratsuena azkenaldian urtero baliatu izan den azokaren leloaren dinamika errotik eraldatu dutela da. Aurrerantzean, finkatuta geratuko den lelo edota lerroburu bakarra baliatuko dute: Kulturaren Jaialdia. “Kulturaren Jaialdia diogu, ze, Durangoko Azokak denetariko adierazpide artistikoak barnebiltzen ditu, fokua tokiko eta euskarazko sorkuntzan, artistengan eta zaleengan ipinita. Kulturaren Jaialdia dela uste dugu, topaketa profesionala eta herrikoia delako aldi berean, eta herritarrei nortasun kulturala bertatik bertara bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen dielako”, argitu du Gaztelurrutiak.
Iratxe Reparaz: “Aurten kartel infinituak ditugu: Durango eta euskararen kultura bizia denetariko kolore eta formekin islatuta ageri dira”
Halaber, azpimarratu du kultur eredu herritarraren aldeko hautuagaz aurrera egingo dutela: “Kultur eragileek atonduta, sektoreko profesionalekin auzolanean eta erakunde publikoen laguntzarekin jardutea: horixe da lanerako moldea; horrek guztiorrek bihurtzen du Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdi”. Aurrerantzean, urtero artista bati egokituko zaizkio azokarentzako iruditegia sortzea. Aurtengoari dagokionez, Iratxe Reparazek onartu du antolatzaileen gonbitea, eta azokaren ibilbidea irudikatu du: “Kartel bakarraren ordez, ideiak erakusketa bihurtuko dira”. Reparaz ere agerraldian egon zen, bere ekarpena azaltzeko: “Aurten kartel infinituak ditugu: Durango eta euskararen kultura bizia denetariko kolore eta formekin islatuta ageri dira”.

Argazkia: Durangoko Azoka.
Azokak, kartel bakarraren ordez, “guztiak” izango ditu: “Aurtengo unibertso bisuala azokak egindako eta egiteko duen ibilbidea oinarri hartuta sortu dut”. Eskuz marrazturiko 60 baten aurkikuntza izan zen diseinuaren ardatza: “Zenbaki bat baino zerbait gehiago zen: ibilbide bat, mugimendu bat, bidearen isla”. Karteletako bakoitza “kultura bizitzeko modu bat” da: “Diziplina arteko aniztasunak, koloreen artekoak edota forma irregularrek azokaren jaialdi giroa islatzen dute”.