Arimen Gaua ospatzeko kalabaza tailerra egingo dute urriaren 26an
Bateratze Guraso Elkarteak antolatu du tailerra; parte hartzeko toki mugatuak egongo dira, eta sarrerak salgai daude udaletxeko kutxazainean.
Gero eta gertuago dago urteko gaurik beltzena. Urriaren 31ren inguruan Euskal Herriko txoko askotan Gau Beltza ospatu ohi da, eta gero eta gehiago dira ohitura zaharrak berreskuratu eta jaia berpizteko herriz herri ekintzak antolatzen dituztenak ere. Markina-Xemeinen, esaterako, Arimen Gaua ospatuko dute, eta Bateratze Guraso Elkartea da lan horretan diharduen taldeetako bat. Hala, jakitera eman dutenez, urriaren 24tik azaroaren 2ra bitarte, herrian hainbat ekintza desberdin antolatuko dituzte.
Hala, Arimen Gauean, urriaren 31n, etxeko erropa zaharrekin mozorrotu, eta kalabaza eta kandelekin etxeetako leiho eta balkoiak apaintzera animatu dituzte herritarrak. Horretan trebatu eta mota guztietako kalabazak egiteko asmoz, urriaren 26an kalabaza tailerra eskainiko dute, 17:00etatik 18:00etara bitarte, Plazabarripean.
Gaztetxoei zuzendutako tailerra izango da, parte hartu nahi dutenentzat salgai daude sarrerak udaletxeko kutxazain automatikoan. Pertsona bakoitzak gehienez ere lau sarrera erosi ahalko ditu, eta tailerrean parte hartzeko tokia erreserbatzeagaz batera, kalabaza bat ere jasoko dute partaideek. Era berean, gogorarazi dute tokiak mugatuak izango direla, eta gehienez ere, 150 umerentzako tokia egongo dela.
Bestalde, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak landutako Gau Beltzaren inguruko web orrian (gaubeltza.eus) sartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei: “Animatu nahi izango genizueke egun honi buruz gehiago jakiteko euren web orrian sartzea. Bertan, Gau Beltza edo Arimen Gaua zer den, nondik datorren eta nola mozorrotzen diren dago jasota”.