Mendexako jaien balorazio "oso positiboa" egin dute
Balorazioa ona izan den arren, ardurak lan-taldeka banatzeko beharra dutela identifikatu dute.

Uda giro bete-betean ospatzen dituzte jaiak mendexarrek, eta aurtengoa ere ez zen gutxiagorako izan. Uztaila amaitu eta abuztua hasi orduko, denetariko ekintzak eduki zituzten aukeran, besteren artean, kirola, bazkariak, karta jokoak, euskal dantzak, kontzertuak eta omenaldiak. Hala, herritarren laguntzagaz, aurtengo jaien balorazio egin berri du Mendexako Udalak: “Oro har, balorazioa oso positiboa da, baina aldatzeko puntu batzuk ere identifikatu ditugu”.
Jakitera eman dutenez, puntuz-puntu aztertu zuten jaietako programazioa, zeintzuk jarduera joan ziren ondo, sumatu zituzten hutsuneak eta hobetu beharrekoak identifikatzeko. Hori horrela, ondorio argi batera heldu ziren: antolaketa aldetik aldaketa behar dutela. “Ikusi dugu antolaketa ikuspegitik agian bai sortu behar ditugula lan-talde zehatzak programako puntu bakoitzaren ardura hartzeko. Ze, bestela, askotan pertsona berdinek amaitzen dute lanetaz arduratzen. Sustatu behar duguna da herritarrek gehiago parte hartzea antolaketan, lan zama hori arintzeko” adierazi dute udal ordezkariek.
Hori horrela, datorren urteko jaietarako beste itzuli bat emango diete jaien antolaketari. Hala ere, nabarmendu dute jaiak “ondo” atera zirela eta pozik daudela eduki zuen erantzunagaz.

































