Eskaintza ezberdinez beteko da urrian Ondarroako Etxelila
Ikastaroetako izen ematea zabalik dago. Mendi orientazioaren ikastaroa asteburu honetan izango da.
Ondarroako Udal Berdintasun Sailak askotariko ekintzak antolatu ditu Etxelilan ikasturte guztirako. Hala, hilabete honetan eta hurrengoan solasaldi, ikastaro zein erakusketaz beteta egongo da espazioa.
Ikastaroei dagokienez, bihar [eguaztena] egongo da lehenengoa: Familia eredu berriak eta legedi zaharra, nola uztartzen da hau? izenburupean. Irule abokatuak zerbitzu feminista juridiko eta psikosozialeko kidea den Macarena Mugica Urbistondok dinamizatuko du biharko ikastaroa, eta nahiz eta aurretiaz izena eman behar den, momentuan bertan ere apuntatzeko aukera egongo da. 17:00etatik 20:00etara bitartean izango da ikastaroa Etxelilan, dohainik.
Bestalde, asteburu honetan mendi orientazio ikastaroa egongo da Patri Espinar Labianen, mendi eta arroiletako gidaria eta irakaslea, eskutik. Ikastaroa barikua [urriak 24], zapatua [urriak 25] eta domekan [urriak 26] izango da, barikuan 17:00etatik 20:00etara, eta zapatu eta domekan 9:00etatik 14:00etara. Parte hartzeko 15 euro ordaindu beharko dira, eta oraindik apuntatzeko aukera dago. “Ikastaro honetan autonomia osoz, emakumeok guk geuk erabakitako lekura joateko ibilbideak diseinatzen ikasiko dugu, baita baliabideak eta gaitasunak eskuratu ere. Mendian era seguru batean ibiltzeko orientazioko oinarrizko ezagutza teoriko-praktikoak jasoko eta landuko ditugu. Horretarako, mapa eta iparrorratza erabiltzen ikasiko dugu era praktiko batean, naturaren interpretazioarekin batera”. Antolatzaileek zehaztu dute ikastaroan izena emateko beharrezkoa izango dela mendian 3-4 orduz ibiltzeko gai izatea, eta ikastaroaren saio guztietara joateko konpromisoa hartzea. Gainera, beharrezkoa izango da mendiko motxila eta botak eramatea.
Aurten ere, martxan egongo da Euskal wiki-emakumeok Ondarroan taldea, eta ikastaroak eskainiko dituzte zenbait eguaztenetan: urriaren 29an, abenduaren 10ean, otsailaren 18an, apirilaren 29an eta ekainaren 10ean, denak 10:00etatik 12:00etara. Matrikulazioa bost eurokoa izango da, eta Marisa Barrenak eta Maripa Garaizabalek dinamizatuko dute saioa.
Urriko ikastaroekin amaitzeko, Desira, plazera eta autoerotismoa: nola bizitzen dut sexualitatea? izenburupean ikastaroa eskainiko dute Lahia 3.0 sexologia eta hezkidetza elkarteko Irune eta Itsasok. Urriaren 29an [eguaztena], eta azaroaren 5ean eta 12an izango dira saioak, 17:30etik 19:30era. Matrikulazioa 10 euro ordaindu beharko dira. Saioa 65 urtetik gorako emakumeentzako* bideratuta egongo da. “65 urtetik gorako emakumeei* zuzendutako tailer honetan, desira, autoerotismoa eta plazera ikuspegi feministatik landuko ditugu. Tabuak apurtu, gorputzarekin konektatu, plazeraren munduan sakondu eta sexualitatea gorpuzteko esapzio seguru eta erosoa sortzeko helburuz”.
Eskaintza gehiago. Ikastaroez gain, solasaldiak eta erakusketak ere egongo dira urrian Etxelilan. Urriaren 30ean [eguena], 18:30ean Beatriz Fernandez Fernandez EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle eta ikertzaileak Aurpegiko narrua kenduko deutsuet edo tramanak eta Brixek aridnari hizkuntza, sexuaz eta generoaz irakatsi ziotena hitzaldia eskainiko du. Bestalde, Aitziber Bengoetxea ondarrutar sortzailearen eskutik Natura erakusketa egongo da ikusgai urri osoan.