Ondarroako Udalak Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana abiarazi du
Ondarroako Udalak udalerriko mugikortasunarekin lotutako arazoak identifikatzeko herritarren iritzia jasoko du galdetegi bidez.

Ondarroako Udalak Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana jarri du martxan, “Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planak plangintza estrategikorako tresna dira, eta hiri mugikortasuna iraunkortasun irizpideetatik hobetzea dute helburu nagusi”.
Hala, horrelako plan batek udalerri baten mugikortasun-baldintzak hobetzen eta ondorio negatiboak murrizten laguntzen duela adierazi du Ondarroako Udalak: “Baita biztanleriaren bizi kalitatea hobetzen, desberdintasun oztopoak hausten eta hiri erakargarritasuna hobetzen laguntzen du”. Bide horretatik, datozen hilabeteetarako Ondarroako HMPIak zenbait jarduera programa zehaztuko ditu, “herritar guztiek ondasun eta zerbitzuetara iristeko dituzten baldintzak hobetzeko”. Hala, ingurumena gehien errespetatzen duten eta sozialki hoberenak diren desplazamendu moduak sustatzeko jarduerak diseinatuko ditu; hala nola, oinezkoena, bizikletaz edota garraio publikoan. Auto eta ibilgailuen erabilera arrazionalizatzea ere bada planaren helburua.
Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana osatzerako orduan udalak beharrezkotzat jo du herritarren iritziak eta iradokizunak jasotzea, eta horretarako, galdetegi bat sortu du: “Lehenengo pausoa izango da galdetegi bitartez iritziak jasotzea Ondarroako herritarren iritzia udalerriko mugikortasunarekin lotutako arazoen inguruan, eta herriko mugikortasun joerak ezagutzea”. Galdetegia anonimoa da, eta urriaren 24ra [barikua] arte egongo da zabalik.
Galdetegia betetzeko bi aukera egongo dira: online edo paperean. Bigarren aukerari dagokionez, Alamedako Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan eta Turismo Bulegoan egongo dira galdera orriak eskuragarri.