Zapatuan hasiko da ahotsaren eta mugimenduaren bitartez ahalduntzeko tailerra
Mendexako udaletxean izango da tailerra. Zapatuan [urriak 25] 10:30etik 14:30era izango da. Hurrengo hitzorduak azaroaren 29an eta abenduaren 13an ipini dituzte. Izena eman behar da.
Norbere ahotsa indartu eta ahalduntzeko asmoz, Amaya Decaudin musikariak ahots eta mugimendu tailerra emango du Mendexan. Ikasturte guztian hilero izango da tailerra, eta zapatuan [urriak 25] emango diete hasiera, 10:30etik 14:30era, udaletxeko Ganbara aretoan. Zapatukoaren ostean, azaroaren 29an eta abenduaren 13an elkartuko dira, eta hurrengo hitzorduak orduan erabakiko dituzte.
Decaudinek azaldu duenez, edonork parte hartu dezake tailerrean: “Ez da mailarik behar. Norbere adierazpenari ahotsa emateko tailerra izango da”. Halaber, tailerra zabalik dago parte hartu nahi duen edonorentzat, baina izena eman behar da decaudinamaya@gmail.comĀ helbidera idatziz edo 722 79 74 09 telefonora deituz.
Hainbat helburu lortzeko asmoz egingo dute lan tailerretan. Alde batetik, gorputza “euskarri hutsa” baino askoz gehiago dela ikusiko dute, gorputzaren eta arnasketaren pertzepzioa esnaraziz. Bestalde, askatasuna eta benetakotasuna landuko dituzte: “Ahotsa mugatzen duten tentsio fisiko eta mentalak askatuko ditugu, ahotsak berez eta egiaz jardun dezan”. Era berean, soinu edo hitz bakoitza “izate osoaren barrutik sor dadin” mugimendua eta ahotsa integratzen ikasiko dute. Azkenik, adierazpen kolektiboa eta entzumena landuko dituzte: “Ahotsaren indarra taldean deskubrituko dugu, entzute aktiboa garatuz taldeko harmonia eta erresonantzia bultzatzeko”.
Datozen hiru hilabeteei dagokienez, zapatuan [urriak 25] gorputzaren eta ahotsaren arteko lotura landuko dute. Azaroan, ostera, arnasketa dinamikorako teknikak ikasiko dituzte, eta abenduan, aurpegi eta ahots adierazpenak landuko dituzte.