Bizkaiko Golkoko debekuagatik kaltetutako arrantzaleen kalte-ordainak azkartzeko exijitu du EH Bilduk
Bizkaiko Golkoan izurdeak babesteko arraste-sareekin arrantzatzen duten itsasontzien geldialdia konpentsatzeko diru-laguntzak ahalik eta arinen argitaratu eta ebazteko epean laburtzeko eskatu dio EH Bilduk Luis Planas Arrantza ministroari.
2023an Frantziako Estatuak izurdeak babesteko hartutako neurrien ondorioz, Bizkaiko Golkoan arraste-sareekin lan egiten duten alturako ontziek hilabetez gelditu behar izan zuten 2024ko eta 2025eko urtarrilean, eta aurreikuspenen arabera, 2026an ere gelditu egin beharko dira. Egoera honetan daude bost euskal itsasontzi: Ondarroako bi, Bermeoko bi eta Pasaiako bat. Irailaren amaieran salatu zuen LAB Sindikatuak arrantzaleen egoera, eta EH Bilduk ere bertan jarri du fokua azken asteetan.
Geldialdia dela eta, arrantzaleek oraindik ez dute diru laguntzarik jaso, eta «bidegabekeria» horren aurrean, EH Bilduk diru laguntzaren agindua ahalik eta arinen argitaratu eta ebazpen epeak laburtzeko exijitu dio Luis Planas Espainiako Arrantza ministroari. Hala, Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak Madrilera eraman zuen gaia: “Luis Planas ministroak bere garaian esan zuen laguntzak justuak eta egokiak izango zirela. Hala ere, arrantzaleek oraindik laguntzen zain jarraitzen dute. Egoera ikusita, arrantzaleen kezkak eta aldarrikapenak Senatura eraman, eta ministrori ordainketei buruz galdetu genion. Planasek ordainketak aurten egingo direla erantzun zigun”.
2025eko diru laguntzen ebazpena azkartzeko helburuagaz, aurtengo konpentsazioa Eusko Jaurlaritza kudeatzen ari dela gogorarazi zuen Bideguren bermeotarrak: “Europako diru laguntzak diren arren, autonomia erkidego bakoitzak kudeatuko ditu”.
Konpentsazioak jasotzeko data zehatzik ez duten arren, urrian jasoko zituztela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak: “OPPAOko zuzendaria den Mikel Ortizekin eta arrantzaleekin egon ondoren, konturatu ginen langileek amore eman zutela diru laguntzak kobratzeko orduan. Izan ere, urte honetan kobratuko dituzten laguntzak 2025eko urtarrileko geldialdikoak izango dira, baina 2024koak oraindik jasotzeko dauzkate. Ortizek data zehatza zein izango zen galdetu bazuen ere, ez zioten argipen handirik eman”.
Bi ondorio. Egoera “ezegonkorraren” aurrean, EH Bilduk bi kritika nagusi egin ditu: “Ulertzen dugu baliabide natural baten aurrean zientzialarien txostenetan justifikatuta dauden neurriak hartzea beharrezkoa dela, baina ez dugu ulertzen gure herrian arrantza estrategikoa izanda, eta epe luzera jarduera ekonomiko bezala mantentzea nahi badugu, arrantzaleek bizimodua aurrera ateratzeko bermerik ez egotea. Ia bi urte igaro diren honetan, langileak oraindik kobratzeko daude, eta hori ezinezkoa da”.
Bestalde, hurbileko instituzioen “beharrezkotasuna” azpimarratu dute: “Egoera honekin ikusi dugu diru laguntza bat kudeatzeko orduan zein garrantzitsua den geuretik kudeatzea. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez ditu ebazpenak argitaratu, baina esandakoa betetzen badu, urrian aterako ditu. Beraz, gure instituzioetatik gauzak hobeto kudeatu daitezkeelaren adibide garbia da”.