Iaz baino bi sari gehiago banatuko dituzte Leartibai Sarietan
Guztira zortzi sari banatuko dituzte, eta azaroaren 19an izango da sari banaketa. Proiektuak aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da.
Aurreko aldietan eduki duen erantzuna ikusita, Leartibai Fundazioak laugarrenez antolatu ditu Leartibai Sariak. Enpresa berrien sorrera da Fundazioaren misioetako bat, eta hala, eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua emateko asmoz antolatu dute aurtengoan ere sariketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen, Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartearen eta Lea-Artibaiko hamabi udalen laguntzagaz.
Pertsona ekintzaileei aitortza egiteagaz batera, beste hainbat helburu ditu egitasmoak. Ekintzailetzaren kultura hedatzea da horietako bat, eta horrekin batera, baita Lea-Artibai eskualdean lanpostu berrien sorrera sustatzea ere. Ildo beretik, merkataritza eta kooperatiba eredua sustatu gura dituzte, horren bitartez balio erantsi altuko enpresa berritzaileak sortzeko asmoagaz. Azkenik, emakumeen artean eta gazteen artean ekintzailetza sustatu gura dituzte.
Horretarako, zortzi sari banatuko dituzte; duela bi urte bost izan ziren banatu zituzten sariak, eta iaz, ostera, sei. Hala, bi sari gehiagogaz, hurrengoak dira aurten sarituko dituzten kategoriak eta sariak:
- Negozio ideia berritzaileari saria. 1.500 euro eta garaikurra.
- Ostalaritza, turismo edo zerbitzu enpresari saria. 1.500 euro eta garaikurra.
- Merkataritza establezimenduari saria: 1.500 euro eta garaikurra.
- Kooperatiba ereduari saria: 2.000 euro eta garaikurra.
- Emakume ekintzaileari saria: 1.500 euro eta garaikurra.
- Ekintzaile gazteek sortutako enpresari saria: 1.500 euro eta garaikurra (bost sari emango dituzte maila honetan).
- Lanbide Heziketako ikasleen negozio ideiari saia: 500 euro eta garaikurra (hiru sari emango dituzte maila honetan).
- Landa eremuko aukeren lurra saria: 1.000 euro (bi sari mango dituzte maila honetan).
Era berean, sari ekonomiko eta garaikurrez gain, Leartibai Fundazioko aholkularien laguntza edukiko dute irabazleek, negozio ideiaren garapenean eta azelerazioan laguntzeko. Gainera, Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioan kokatzeko lehentasuna izango dute, eta baita Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasuna ere.
Parte hartu nahi dutenek urriaren 31ra bitarte edukiko dute euren proiektua aurkezteko aukera. Lanbide Heziketako ideia aurkezteko epea, ostera, azaroaren 10era bitartekoa izango da. Parte hartzeko ezinbesteko baldintza izango da enpresa berrien egoitza soziala Lea-Artibaiko hamabi udalerrietako batean izatea; oinarri denak eskuragarri daude Leartibai Fundazioaren web orrian.
Herritarren ahotsa. Epaimahai ofiziala Leartibai Fundazioko Ekintzailetzako lan-taldeak, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Asetteko ordezkaritzak osatuko dute. Gainera, herritarrek ere euren botoa emateko aukera edukiko dute sare sozialen bitartez. Izan ere, Leartibai Fundazioak bere Instagram kontura igoko ditu lehiaketan parte hartzen duten ideia guztiak (Lanbide Heziketako ikasleen negozio ideiak eta landa eremuko aukeren lurra kategoriakoak izan ezik) eta azaroaren 3tik 12ra “eskualdearen beharretara hobekien egokitzen den ideia” bozkatuko dute herritarrek, “atsegin dut” botoiari emanez. Era berean, bozketan parte hartzen duten herritar denen artean bertoko produktuekin osatutako otzara bat ere zozketatuko dute azaroaren 14an. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 19an egingo dute, 18:30ean Gizaburuagako udaletxeko erabilera anitzeko aretoan.