Urteroko jaia eta gaztetxearen itzulera ospatuko dituzte etxebarritarrek III. Gazte Egunean
Zapatuan [urriak 25] III. Gazte Eguna ospatuko dute Etxebarrian, asanbladaren eskutik; egun guztiko jaia izango da. Aurten, gainera, udalarekin adostasun batera heldu eta gazte lokala ekintzak antolatzeko erabiltzeko baimena lortu dutela ere ospatuko dute.
Gogoz daude etxebarritarrak zapatua [urriak 25] heltzeko. Izan ere, Etxebarriko Gazte Asanbladaren eskutik, III. Gazte Eguna ospatuko dute egun guztian; Gazte Eguna den arren, argi dute zapatukoa herritar guztientzako eguna izango dela.
Badute, gainera, zer ospatua. Hainbat hilabetez asanbladako kideak gaztetxe baten eskean aritu dira, eta lortu dute Etxebarriko Udalarekin adostasun batera heltzea: “Udalak esan digunez, datorren urtean proiektu bat egingo dute lokal hutsei erabilera emateko, eta proiektu horretan asanblada ere kontuan hartuko dutela adostu dugu. Bien bitartean, gazte lokala erabili ahal izango dugu ekintzak egiteko”. Hori horrela, hamar urtez itxita eta azken urteetan biltegi modura erabili duten gazte lokala berrituko dute gaur gaurkoz, herriko lokal hutsen proiektua heldu bitartean: “Udaletik esan digute ahaleginduko direla gaztetxe bat ematen, baina bien bitartean gazte lokalean ekintzak antolatzeko baimena eman digute”.
Pozik eta ilusioz hartu dute udalaren erabakia, eta gogoz daude dena martxan ipintzeko: “Oso pozik hartu dugu erabakia. Lokala berriztu eta martxan ipintzeko lanean hasteko gogo eta ilusio askorekin gaude. Teilatuak konpondu beharra dauka, eta horretaz udala arduratuko da, baina beste lan denak asanbladaren kontura izango dira. Ea datorren urte hasiera aldera zabaldu dezakegun”.
Hala, azken hiru urteetan bezala egunaz gozatzeko asmoz elkartuko dira etxebarritarrak, baina baita gazte lokala berritzeko dirua lortzeko asmoz ere: “Jendeari etortzera animatu nahi diogu, eta orain, gainera, eskertuko genuke ingurukoen babesa edukitzea. Izan ere, gazte lokala konpontzeko obrak egiteko dirua behar du asanbladak, eta eskertuko genuke jendea etorri eta egitarauan parte hartzea”.
Egitarau bete-betea. 2022an antolatu zuten lehenengoz Gazte Eguna, eta 2023an ospatu zuten asanbladaren 30. urteurrena tarteko, hirugarren Gazte Egunari helduko diete aurten. Hala, aurten ere herri kirol lehiaketagaz emango diete hasiera egunari, 11:00etan: “Orain arte gazte asanbladakoak izan gara parte hartzaile gazteenak, baina aurten, gaztetxoagoek ere ekintzetan parte hartzeko asmoz, talde bat 10-14 urte bitartekoa izango da. Bigarren taldea asanbladako kideok osatuko dugu, 14-20 urte bitarteko gazteok. Hirugarrena 20-30 urte bitartekoek osatuko dute, eta azkena, 30etik gorakoek, asanblada sortu zutenek”.
Herri kiroletan aritu ostean, asanbladako lau kideren eskutik trikipoteoa egingo dute. Handik, bazkaritarako elkartuko dira, frontoian: “80 pertsona inguru elkartuko gara. Erantzunarekin oso pozik gaude, ze, Gazte Eguna deitu arren, herri osoari bideratutako egun bat da, denok elkartu eta elkarrekin egoteko egun bat”. Bazkalostean Etxebarria nork ezagutzen duen gehien neurtuko dute: “Jolasa egingo dugu. Mahaian jarrita daudenaren arabera sei pertsona inguruko taldeak egingo ditugu, eta galderak eta erronkaren bat egingo ditugu”.
Ostean, musikak hartuko ditu herriko txoko guztiak. 18:00etan Zaprist elektrotxarangaren txanda izango da, eta 21:00etan Obego (Mutriku), Shibari (Ondarroa) eta Ahantzi erromeria (Tolosa) igoko dira oholtzara. Gaineratu dutenez, elektrotxarangaren eta kontzertuen artean afaritarako bokadiloak eskainiko dituzte asanbladako kideek elizapean.
Urriak 25, zapatua.
- 11:00. Herri kirol lehiaketa.
- 13:00. Trikipoteoa.
- 14:30. Bazkaria, frontoian.
- Ostean. Nik ze dakit ba! jolasa.
- 18:00. Zaprist elektrotxaranga.
- 21:00. Kontzertuak, elizpean: Obego, Shibari eta Ahantzi erromeria.