Amoroto ezagutzeko uraren ibilbidea egingo dute domekan
Ibilbide luzea eta motza egongo dira aukeran, eta ostean mokadutxoa egingo dute.
Domekan [urriak 26] Amorotoko hainbat txoko ezagutzeko aukera edukiko dute herritarrek nahiz inguruko auzotarrek. Izan ere, Amorotoko Kultur Taldeak eta Amorotoko Udalak antolatuta Amoroto Ezagutuz izendatu duten uraren ibilbidea egingo dute.
Gainera, ibilbide motzaren edo luzearen artean aukeratu ahalko dute bertaratzen direnek. Luzeari dagokionez, 09:30ean irtengo da plazatik. 10 kilometro egingo dituzte, 260 metroko desnibelagaz. Plazatik Aldasolo eta Babolina urtegia ezagutuko dituzte, eta handik Urgozua iturrira joango dira. Tellerixa eta Mendikute ikusiko dituzte jarraian, eta Amorotoko punturik gorenera helduko dira Audixoganegaz (337 metro). Azken geldialdia Alakua baserrian egingo dute, eta handik, plazara itzuliko dira berriro ere.
Ibilbide laburrari dagokionez, 5 kilometrokoa izango da, 80 metroko desnibelagaz. 10:00etan plazatik irtengo dira, eta Etxebarri baserria eta Alakua baserria ezagutuko dituzte, berriro ere plazara itzuli aurretik. “Antzinako kontuak entzungo ditugu, eta Errekatxuko hanka marka eta Alakuako Tikili Takala ezagutuko ditugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Motza edo luzea aukeratu, ibilaldia amaitzeko partaideentzat mokadutxoa egongo da Arta nagusian. Antolatzaileek Etxebarri baserriko Mila Gabiola eta Alakua baserriko Juan Migel Gabiola eskertu nahi izan dituzte, emandako laguntzagatik.