Ekintza ugari dakartza Mutrikuko Gaba Beltzak
Domekan [urriak 26] beldurren inguruko sormen tailerrarekin hasi eta azaroaren 2an film emanaldi batekin amaituko da Gaba Beltza. Tartean ez dute hutsik egingo urteroko ihes gelek eta Talaixako Mamuaren erretzeak; aurtengoan Beheko Plazan beharrean, Goiko Plazan erreko dute Talaixako Mamua
Udazkeneko haize hotzekin batera heltzen da urtero arimen gaua edo gau beltza Euskal Herriko kaleetara, eta aurtengoan ere halaxe izango da. Mutrikuarrak prest daude urteroko Gaba Beltzari ongietorria emateko, eta Mutrikuko Udalak herriko taldeekin elkarlanean antolatu duen egitarau zabalak adin guztietarako ekintzak ekarriko ditu herrira.
Egun handiak urriaren 31 eta azaroaren 1a izango diren arren, domekan [urriak 26] hasiera emango diete Gaba Beltzeko ekintzei. Hala, Lapatxoko Gaztelekuan beldurren inguruko sormen tailerra egingo dute. 18:00etan ipini dute hitzordua, eta 2012 eta 2013an jaiotakoentzako tailerra izango da.
Eguaztenean [urriak 29], ostera, ipuinen txanda izango da. 17:15ean Ipuinaren Ordua egingo dute liburutegian, eta Begi batekin lo egiteko ipuinak kontatu du Alboka ipuin kontalariak. Antolatzaileek azaldu dutenez, lau urtetik gorakoentzako izango da, eta ezinbestekoa izango da hiru umeko guraso edo arduradun bat egotea.
Urriaren 31n eta azaroaren 1ean ekintzek ez dute etenik izango. Urriaren 31n 16:00etan ihes gela beldurgarria egingo dute Gaztelekuan, 2008-2013 bitartean jaiotakoentzat; izena eman behar da asteburu honetan Gaztelekuan, 8-10 pertsonako taldeak eginda. 17:30ean, ostera, Talaixako Mamua sortuko dute LH 1 eta LH 2ko umeek, Txantxangorriren eskutik, eta 19:30ean Gaztetxeko mamuarekin elkartu, eta Goiko Plazarako bidea hartuko dute. Izan ere, aurtengoan Beheko Plazan beharrean, Goiko Plazan erreko dute Talaixako Mamua. Hala ere, urtero bezala Gure Ametsa dantza taldeak, akordeoi taldeak, txistu taldeak eta gaztetxeak eroango dute aurrera Talaixako Mamuaren erretzea.