Eragileen lana erdigunean ipiniz dator Errigoraren udazkeneko kanpaina

Agerreko uzta euskarari puzka lelopean, Errigoraren Euskarari Puzka udazkeneko kanpaina aurkeztu dute gaur [urriak 23], Iruñeako Laba espazioan.
Ikastolak, Aek, Sortzen, Agerraldia eta Errigorako zenbait kide elkartu dira bertan, eta gogoratu duten bezala, Ager zonaldeko lurrak emandako elikagaiak baliatuko dituzte, saski beltz, berde eta gorriak osatzeko eta “Euskal Herri elikatu bitartean, Nafarroa erdi eta hegoaldean euskara elikatzeko”, hau da, zonaldeko hainbat ikastola, euskaltegi, D ereduaren aldeko mugimendu edo euskalzaleen “sarea osatu eta elikatzeko”. Beste behin, Euskal Herri osora zabalduko den auzolan erraldoi baten bidez egingo dute.
Gaur hasi dute kanpaina, eta azaroaren 13ra bitartean eskatu daitezke saskiak: www.errigora.eus
Aipatutako eragileek Nafarroa erdi eta hegoaldean euskararen alde egiten duten lanaren ezinbestekotasuna azpimarratzen du kanpainak, eta gaurko agerraldian ere hori egin dute. Lan hori “erdigunean ipini” nahi izan dute aurten. “Argi gelditu zaigu Agerraldia, Ikastolak, AEK eta Sortzenek Nafarroa erdi eta hegoaldean egiten duten lana ezinbestekoa dela zonaldean euskarak bizirik segi dezan. Horretarako ezinbesteko elementua da Euskarari Puzka kanpaina”, adierazi du Irati Abio Errigorako kideak.
Errigorarentzat hamahirugarren Euskarari Puzka izango da, eta saski bakoitzaren balioaren %25 Ager zonaldera itzuliko da, bertako euskalgintzako eragileek jasoko baitute: “Ibilbide luzeko kanpaina da Euskarari Puzka, urtez urte irateko gaitasuna erakutsi duena. Hamahiru edizio horietan egindako auzolanari esker, ia 3 milioi euro bideratu dira denetara aipaturiko zonaldeko euskalgintzarentzat”.
Euskal Herriko 245 herritara helduko dira Errigoraren saskiak, eta 469 banaketa-gune aktibatuko dituzte. Horien artean daude, Aulesti, Berriatua, Lekeitio, Markina-Xemein, Mutriku, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.
Hain zuzen ere, zapatuan Ablitasen elkartuko dira Euskal Herri osotik bertaratuko diren ehundik gora boluntario, lehenengo 4.000 saski osatzeko: “Auzolan erraldoi honekin bat egiteko deia egin diegu gaur Iruñetik Euskal Herriko euskalzale guztiei. Ekintza txiki bezain sinplea da proposatzen duguna; errigora.eus webgunean sartzea eta saskia hautatzea. Elkartasun ariketa bat da, saski horren balioaren %25 Ager zonaldeko euskalgintzako eragileei bideratuko zaielako zuzenean. Ureztatu dezagun denen artean euskara Nafarroa erdi eta hegoaldean, indartsu hazi eta loratu dadin”. Hain zuzen ere, boluntarioen “sare ikaragarria” nabarmendu, eta boluntario denei eskerrak eman dizkiete Errigorako kideek.
Eskualdeko banaketa guneak:
- Aulesti
- Berriatua
- Lekeitio: Azkue Ikastola
- Markina-Xemein: Markina BHI eta Aek.
- Mutriku: Kalaputxi.
- Ondarroa: Aek, institutua eta Zubi Zahar Ikastola.
- Ziortza-Bolibar: Bolibar.