Iñigo Andonegi Argazki Lehiaketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute
2026ko egutegiko argazkiak aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du Mutrikuko Udalak. Azaroaren 16a [domeka] izango da argazkiak entregatzeko azkenengo eguna.
Urtero legez, aurten ere, Mutrikuko Udalak martxan jarri du Iñigo Andonegi argazki lehiaketa, 2026ko egutegiak aukeratzeko helburuarekin. Azaroaren 16a [domeka] izango da argazkiak aurkezteko azkenengo eguna, eta abenduaren 19an [barikua] egingo da sari banaketa, urteroko Kultur galan.
Mutrikuko altxorrak da antolatzaileek jarri duten gaia, hala nola, ondarea, natura, pertsonak, animaliak, paisaiak eta ohiturak. Parte hartzaileek ondorengo galderari erantzun beharko diote argazki bidez: “Zein da zuretzat Mutrikuk duen altxorrik preziatuena?”.
Edozein mutrikuarrek parte hartu dezake, eta bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Hala, aurkeztutako argazkien artean epaimahaiak 12 argazki sarituko ditu, eta saritu bakoitzak 90 euro jasoko ditu. Horrez gain, aurkeztutako argazki guztiekin erakusketa bat prestatuko da eta herritarrek gustukoen duten argazkia aukeratuko dute: “Bozka gehien dituen argazkia egutegiaren azala izango da, eta sarituak 90 euroko bonua jasoko du Bertan elkarteko dendetan erabiltzeko”. Hala ere, erakusketa aretoan 70 argazki sartu daitezkeela zehaztu du udalak, beraz, kopurua gainditzen bada, argazki batzuk ez dira erakusketak jarriko. “Aukeraketa hori epaimahaiak egingo du”. Epaimahaia bi udalak aukeratutako bi adituk eta udal ordezkari batek osatuko dute.
Ezaugarriak. Argazkiak koloretan, zuri-beltzean nahiz bestelakoetan aurkeztu daitezke, beti ere, formatu horizontalean eta elementu gehigarririk erantsi gabe; besteak beste, sinadurak eta ur markak. Gutxieneko neurria 21 x 29,7 zentimetrokoa izango da, eta bereizmena 300 ppp-koa.
Argazkiak formatu digitalean aurkeztu beharko dira ondorengo estekan: Iñigo Andonegi argazki lehiaketa 2025.