Xemein abesbatzak lehenengo kontzertua eskainiko du Aitor Garitanoren zuzendaritzapean
Zapatuan [urriak 25] 20:00etan emango dute kontzertua, Mertzedeko elizan. Markina-xemeindarrekin batera Bilbo eta inguruetako Zozoak abesbatza entzuteko aukera ere egongo da.

Ikasturtea hasteagaz batera egin zuten errelebo aldaketa Xemein abesbatzako zuzendaritzan, eta Itxaso Jaiok Aitor Garitano bergararrari eman zion abesbatza zuzentzeko ardura. Garitanogaz hainbat entsegu egin dituzte jada abesbatzako kideek, eta prest daude zapatuan [urriak 25] ikasturteko lehen kontzertua emateko.
Hain zuzen ere, 20:00etan izango da kontzertua, Mertzedeko elizan. Gainera, Xemein abesbatza ez da bakarrik egongo oholtzan: Uribekosta eta Txorierriko Zozoak abesbatza ere bertan izango da. Garitanok azaldu duenez, denetariko errepertorioa eskainiko dute: “Gogotsu gaude zapaturako. Zozoak abesbatzak programa erdia eskainiko du, eta guk, beste erdia. Oso denbora gutxi eduki dugu zerbait berria prestatzeko, ze, nik abesbatza ezagutu behar nuen, eta beraz, aurretik montatuta eduki duten obra batzuetara jo dugu. Euskal musika, musika sakroa, musika afrikarra… oso kanta ezberdinak eskainiko ditugu”.
Gogotsu dago taldea, eta gogotsu dago Garitano bera ere, abesbatzagaz lehenengo kontzertua emateko: “Oso aberasgarria ari da izaten, taldearekin egindako lehen entseguan oso politak izan dira. Denok behar dut egokitzeko denobra bat, denon ohituretara ohitzeko, ze, dinamika berriak dia, lan egiteko modu berri bat da… eta ezinezkoa da egun batetik bestera ohitzea. Hala ere, asko erraztu didate lana, eta horri esker oso ondo doa dena”. Garitano abesbatzara orain batu bada ere, aurretik ere eduki du hartu-emana taldeko kideekin: “Xemein gazte abesbatzarekin egindako udaberriko tailerretan egon naiz zuzendari bezala, eta Itxaso Jaiorekin ere egon izan naiz zuzendaritza kurtsoetan. Beti eman izan dit atentzioa Markina-Xemein bezalako herri batean horrelako koru bat edukitzea: 40-45 pertsonako taldea, eta halako maila altuarekin”.
Gabonetara bitartekoak. Xemein abesbatza entzuteko beste hainbat aukera egongo da Gabonetara bitarte. Garitanok azaldu duenez, aurretik itxita eduki dituzte eskainiko dituzte ekitaldiak: “Hainbat ekitaldi egingo ditugu, besteak beste, beste abesbatza batekin egingo dugun elkartrukea, Markina-Xemenen Gabonetan egiten den kontzertua eta Santa Zeziliko euskal kantuen emanaldia”. Gainera, 2026a berezia izango da abesbatzarentzat: “Xemein abesbatzaren urteurrena da, 50 urte betetzen ditu, eta beraz, hor ere ekitaldi oso desberdinak edukiko ditugu”. Garitano prest agertu da erronkari heltzeko: “Ni saiatuko naiz abesbatzaren zinta honetara gehitu eta nire aletxoa aportatzen, eta joango gara ikusten zer nolako bidea egiten dugun, baina ziur oso ondo joango dela”.