3 urtetik beherako umeentzako familia tailerrak egingo dituzte
Berakruz Ikastolak antolatu ditu tailerrak, eta herri guztiari egin diete deialdia parte hartzeko. Lehenengo tailerra barikuan [urriak 31] izango da; izena eman behar da parte hartzeko.
Markina-Xemeingo Berakruz Ikastolak ikasturte berria hasteagaz batera hamaika tailer antolatu ditu familientzako. 1-3 urte bitarteko umeentzako tailerrak izango dira denak, eta toki mugatuak egongo dira; herriko familia denei zuzendutako tailerrak izango dira. Hori dela eta, izena emateko 94-616 60 30 telefonora deitu edo idazkaritza@berakruz.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.
Hala, barikuan [urriak 31] udako oroitzapenen lantegia egingo dute, 17:00etan. Azaroaren 7an, 14an eta 28an, ostera, urtebete baino gutxiagoko umeentzako haur masaje tailerra egongo da, hiru egunetan 18:00etan. Era berean, azaroaren 28an, 17:00etan, Monica Hermosoren azalpenekin Hostoen dantzan murgilduz tailerra egingo dute. Urteari amaiera emateko elkartruke azoka egingo dute abenduan, baina ikastolako familientzat bakarrik izango da.
Urte berriarekin batera, urtarrilaren 30ean, 17:00etan, Zuhaitz biluzien garaian… tailerra egingo dute, eta otsailaren 27an ipuinak modu ezberdin batean bizitzeko tailerra egingo dute, 17:00etan.