Berritasunekin eta indartuta dator Antzerkiaz Blai! jaialdia, bost emanaldirekin
Aurten, lehenengoz, Egaña gunean izango dira hainbat emanaldi. Jaialdia Antton Telleriaren 'Ninini' bakarrizketak hasiko du azaroaren 14an, eta Akelarre antzerki taldeak itxiko du, abenduaren 13an. Sarrerak barikuan [abenduak 31] ipiniko dituzte salgai.
Antzerkia herritarren eskura ipiniz, Mutrikuko Udalak Antzerkiaz Blai! jaialdiaren aldi berria aurkeztu du. Aurtengoa, bainera, berrikuntzekin eta antzerki eskaintza indartuta dator. Guztira bost antzezlan bilduko ditu aurtengo jaialdiak, azaroaren 14tik abenduaren 13ra bitartean egingo direnak, eta aurten, lehenengoz, Egaña gunea izango da eszenatoki nagusietako bat.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, Egaña gunea erabiltzeko apustua egin nahi izan dute: “Alde batetik, herrira formatu handiagoko antzezlanak ekartzeko aukera ematen digu Egaña guneak, eta bestetik, emanaldi bakoitzean publiko gehiago sartu ahalko da bertan”. Hori horrela, bi emanaldi Egaña gunean izango dira, eta beste hiru, Zabiel kultur etxean.
Egaña gunean egingo diren antzezlanei dagokienez, jaialdia azaroaren 14an abiatuko da, Antton Telleriaren Ninini bakarrizketarekin, 19:00etan; Nekatutaken arrakastaren ostean, Telleriak bere bigarren lana aurkeztuko die mutrikuarrei. Azaroaren 16an, ostera, Artedramaren Miñan antzezlana ikusi ahalko da; Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen liburua ardatz hartuta, Ander Lipus markina-xemeindarrak, Sambou Diabyk, Eihara Irazustak eta Mikel Kayek gorpuztuko dute Balderen bizitza istorioa. Gaineratu dutenez, Kayek Mutriku BHI bisitatuko du azaro hasieran: “Ikasleekin migrazioaren gaia lantzeaz gain, antzerkiak, eta arte eszenikoek oro har, gizartean eragiteko duten gaitasunez ariko da”.
Zabielen, aldiz, hamaika antzezlan ikusteko aukera egongo da, hiru egunetan bananduta. Alde batetik, umeentzako Arrainak bihotzean antzezlana egongo da azaroaren 29an, 18:00etan, Mar-Mar teatro konpainiaren eskutik. Bestetik, Antzerkiaz Blai! egitasmoan urtez-urte parte hartzen duen Akelarre Antzerki taldeak bi egunetan eskainiko ditu emanaldiak. Azaroaren 15ean, 18:00etan, Aurkezpena, Eta azterketa, zer? eta Desfilea ikusteko aukera egongo da, eta abenduaren 13an, ordu berean, Casting-a, Auzokideak erasora eta Eta orain, nora goaz? antzezlanak.
Akelarre antzerki taldearen emanaldietarako gonbidapena behar den arren, gainontzeko saioetarako sarrerak salgai ipiniko dituzte barikuan [urriak 31], 10:00etan, www.mutriku.eus web orrian eta Turismo Bulegoan; Ninini eta Miñan ikusteko 10 euro ordaindu beharko dira, eta Arrainak bihotzean antzezlana ikusteko, 4 euro.
Egitaraua.
- Azaroak 14, barikua.
- 19:00. Antton Telleriaren Ninini bakarrizketa, Egaña gunean.
- Azaroak 15, zapatua.
- 18:00. Akelarre antzerki taldea: Aurkezpena, Eta azterketa, zer? eta Desfilea. Zabiel kultur etxean.
- Azaroak 16, domeka.
- 18:00. Artedramaren Miñan antzezlana, Egaña gunean.
- Azaroak 29, zapatua.
- 18:00. Mar-Mar teatro konpainiaren Arrainak bihotzean umeentzako antzezlana, Zabiel kultur etxean.
- Abenduak 13, zapatua.
- Akelarre antzerki taldea: Casting-a, Auzokideak erasora eta Eta orain, nora goaz?. Zabiel kultur etxean.