HikaLagun egitasmoa abiatuko dute barikuan
Markina-Xemeingo AEK-k antolatu du egitasmoa, eta hileko azken barikuetan elkartuko dira, Uhagonen.
Azaroaren 8an Euskal Herriko Hika Topaketen bigarren aldia ospatuko da Markina-Xemeinen, eta hori aitzakiatzat hartuz, HikaLagun egingo dute herrian. Markina-Xemeingo AEK-k antolatutako egitasmoa izango da, eta hileko azken barikuetan elkartuko dira. Hala, lehenengoz barikuan [urriak 31] elkartuko dira, 16:00etan, Uhagon kulturgunean.
Hika berba egin gura dutenei bertaratzeko deia luzatu diete: “Hika berba egitea praktikan ipini nahi baduzu, etorri gurekin bariku arratsaldeetan Uhagonera. Lagun giro ederrean gai ezberdinei buruz berba egingo dugu”. Kulturguneko terraza eta tabernan elkartuko dira, eta parte hartu nahi dutenei izena emateko deia egin diete, 607 59 62 61 telefonora deituz edo markina@aek.eus helbidera idatziz.