LGTBIQ+ kolektiboa hizpide, liburu berria kaleratu du Arantza Ibarrak
'Las sombras no tienen genero' liburua argitaratu du Arantza Ibarra Basañez ondarrutarrak. Ondarroako Alai tabernan aurkeztuko du domekan [azaroak 2], 11:30ean, eta aurretik, 'Mi pequeño gran samurai' dokumentala proiektatuko dute, Ekai Lersundiren gurasoekin batera.
Arantza Ibarra Basañez ondarrutarrak Las sombras no tienen genero liburu argitaratu du, La Calle argitaletxearen eskutik. Liburuak LGTBIQ+ kolektiboa jartzen du erdigunean, eta identitatearen, askatasunaren eta familia-harremanen inguruko gaiak jorratzen ditu.
Lehen aurkezpena Ondarroan egingo du autoreak, Mi pequeño gran samurai dokumentala proiektatu ondoren, Ekai Lersundi ondarrutar gaztearen gurasoekin batera. Ekitaldia Alai tabernan izango da, domekan, azaroaren 2an, 11:30ean.“Berezia da niretzat Ondarroan aurkeztea, eta are gehiago, aurretik dokumentala proiektatuta. Leku askotan aurkeztu dut Ekairen gurasoekin, baina inoiz ez hemen. Beraz, domekakoa oso berezia izango da; ilusio handia egiten dit”, azaldu du Ibarrak.
Lanaren protagonista Gabriela da, eta bere ahotik kontatzen da istorioa. Brasilgo emakume lesbiana bat da, bere familia klasista eta homofoboaren presiopean bizi dena. Askatasunaren bila, Bilbora lekualdatuko da, bere burua hobeto ezagutu eta bere identitatea askatzeko asmoz. “LGTBIQ+ pertsonen istorio gogor bat islatu nahi nuen. Fikzioa den arren, lagun baten bizitzan inspiratu naiz; haren anonimotasuna gordetzeko, fikzio bihurtu dut kontakizuna”, adierazi du autoreak.
Narratiba protagonistaren lehen pertsonatik kontatua dago, hurbiltasuna eta emozioak modu zuzenagoan transmititzeko asmoz. “Gabrielak 33 urte ditu, baina bere haurtzarotik hasiko da kontakizuna; amaieran, gaur egun Bilbon nola bizi den ezagutuko dugu”, gaineratu du Ibarrak.
Aurkezpen bira. Ondarroakoa izango da lehenengo hitzordua, baina aurkezpen-bira prest du autoreak. Hurrengoa Madrilen izango da, azaroaren 7an; ondoren, Donostian, Gehitu Elkartean, azaroaren 21ean. 2026an, berriz, Iruñeko Harrotun aurkeztuko du lana.