Ondarroa, Mutriku eta Debako Gazte Asanbladek bizikleta martxa egingo dute Palestinaren alde
Zapatuan [azaroak 1] egingo dute bizikleta martxa, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete; izena eman behar da. 10:00etan aterako da Debatik, eta Mutriku zeharkatu ostean, Ondarroako Itsasaurren elkartasun argazki batekin amaituko dute egitasmoa.
Ondarroako, Mutrikuko eta Debako Gazte Asanbladek indarrak batuko dituzte zapatuan [azaroak 1] Palestinaren alde. Izan ere, bizikleta martxa egingo dute hiru herriak zeharkatuz: 10:00etan irtengo da Debatik, Mutrikun herrira sartu eta zeharkatu egingo du, eta Ondarroan Itsasaurren aterako duten elkartasun argazkiarekin emango diete amaiera.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ekimenaren helburua “Palestinaren auziari indarrez eustea” da: “Orain arte indar handia erakutsi da bai Euskal Herri mailan eta baita gure herrietan ere. Hala ere, badirudi Trumpen planak orain arte irekitako mobilizazio zikloa apal dezakeela”. Halaber, plan hori “iruzur hutsa” dela salatuko dute, eta ezinbestekotzat jo dute mobilizatzen jarraitzea. Era berean, orain arte kaleetan plazaratu dituzte aldarriak ere aterako dituzte: “Israelen suntsipena eta Palestinaren askatasuna aldarrikatu, eta palestinar erresistentziari gure babesa adierazi nahi diogu”.
Hori horrela, hiru asanbladetako kideek herritarrei mobilizatzeko deia luzatu diete. Egitasmoarekin bat egin eta parte hartzeko izena eman behar da honako telefonoetara idatziz: 688 80 64 63 (Deba), 688 91 71 56 (Mutriku) edo 628 71 97 82 (Ondarroa).