Arimen Gauean batzeko, hamaika hitzordu
Arimen Gaua ospatzeko ohitura gero eta gehiago zabaltzen ari da, eta horren isla dira, esaterako, datozen egunetarako Lea-Artibai eta Mutrikun antolatuta dituzten hamaika ekintzak.
Urriaren 31n Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen duela hamarkada batzuk, baina denboraren joan-etorriagaz indarra galduz joan zen. Orain, ordea, berriz egonkortzen hasia da, eta asko dira egun horregaz bat egiten dutenak; horren isla dira, esaterako, datozen egunetarako Lea-Artibain eta Mutrikun antolatuta dituzten hamaika ekintzak. Amoroto, Aulesti, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarrek ere ez dute tradizioagaz bat egiteko aukera galduko. Mutrikuarrak ez dira atzean geldituko, errotutako hitzordua baitute Gau Beltzekoa.
Gaur egun erlijio katolikoarekin lotzen bada ere, hilen inguruko ospakizunak zeltek ospatutako Samhain (udaren bukaera) jaian du jatorria. Trantsizio jaia omen zen, urte batetik bestera igarotzeko eta beste mundurako irekiera ospatzeko hitzordua. Gaur gaurkoz, Euskal Herrian hildakoen arimak zerura iristea eskatzeko egunak badira ere, garai batean bestelako ohiturak ere egon bazeuden, mundu mailan ezaguna den Halloween jaiarekin hainbat antzekotasun zituztenak: kalabazak hustea, janari eskean ibiltzea edo baserriz baserri kantuan ibiltzea.
Hala, garai bateko tradizioa berreskuratu eta hildako arimekin konektatzeko aukera emango dizkien egun beldurgarri bezain dibertigarriak dituzte herritarrek aurretik, baina egun esanguratsurik baldin bada, biharkoa da. Izan ere, udalerri gehienek atondutako egitarauak bihar gauzatuko dira.
Ekintzak, non-nahi
Mutrikuarrak bihar hasi eta domeka iluntzera arte etenik barik ibiliko dira. Ume eta gaztetxoentzako tailerrekin hasiko dute egitaraua bihar arratsaldean, besteak beste, Talaixako mamua sortu dezaten. Ohi legez, iluntzeko Axuri beltza kalejiran batu ostean erreko dute mamua. Etzirako goizetik gauera arteko eskaintza izango dute herritarrek, ez baitira umeentzako tailerrak zein ikuskizunak faltako. Gauean, Saia Goait eta Kokein musika taldeek girotuko dute Beheko plaza. Mutrikuar ausartenek film beldurgarriak ikusteko aukera edukiko dute bai zapatuan, bai domekan, Zabiel Kultur Etxean.
Lea-Artibain ere gero eta gehiago dira Arimen Gauagaz bat egiten dutenak, eta hainbat tokitan errotzen hasia da dagoeneko. Tailerrak, kalejirak eta desfileak nagusituko dira: Etxebarrian, herria apaindu ostean batuko dira desfilean, eta denek batera Hamalau heriotzak kantua abestuko dute. Markina-xemeindarrak, ondarrutarrak eta lekeitiarrek kalejirak dituzte deituta, eta Aulestin, berriz, beldurrezko ibilaldia egingo dute.
EGITARAUA
AMOROTO
Bihar.
17:00. Plaza apaintzea.
18:30. Baserrietara eskean.
19:15. Gozokien banaketa.
Ondoren. Txokolatada. Edalontzia eramateko eskatu dute.
AULESTI
Bihar.
17:00-19:30. Gaztainerre tailerrak, plazan. Izara zuri zaharrak, kristalezko ontziak eta kandelak eramateko eskatu dute.
19:30-20:00. Beldurrezko ibilbidea, plazatik hasita.
Jarraian. Ipuin kontaketa.
ETXEBARRIA
Bihar.
17:00. Herri apainketa.
19:00. Desfilea.
Bukatzean. Dantza, Plaza Barrin.
20:00. Afari kopaua.
LEKEITIO
Bihar.
17:00. Kalabazak hustea, Eskolapean.
18:00. Xanguli Manguli, daukanak ez daukanari.
19:00. Kalejira, Arranegitik.
MARKINA-XEMEIN
Bihar.
19:00. Andaparranda, hilerritik.
MUNITIBAR
Bihar.
17:30. Mozorro tailerra. Beltzez edota erropa zaharrekin joateko eskatu dute.
18:30. Istorio beldurgarrien kontaketa.
19:00. Edari magikoen dastaketa.
20:00. Xanduli manduli, etxez-etxe.
Ostean. Gaztainak.
MUTRIKU
Bihar.
16:00. Ihes gela, Merkatu plazan.
17:30-19:00. Talaixako mamua sortzen.
19:30. Axuri beltza kalejira eta Talaixako mamua erretzea, Goiko Plazan.
Etzi.
10:30-13:30/16:00-19:00. Ihes gela, Merkatu plazan.
11:00-12:15. Mamu txikien abentura, Haur Hezkuntzakoei zuzenduta.
18:00-20:00. Film beldurgarria, Zabiel Kultur Etxean.
19:30. Arima Dance taldearen kalejira.
Ondoren. Emanaldia, Egaña Gunean.
22:30. Kontzertuak, Beheko plazan: Saia Goait eta Kokein.
Azaroak 2, domeka.
18:00-20:00. Film beldurgarriaren proiekzioa, Zabiel Kultur Etxean.
ONDARROA
Bihar.
17:00. Makillaje tailerra, Gaztelekuan.
18:15. Kalejira, Kamiñazpiko parketik hasita, musika eskolaraino.
Ondoren. Herriko umeak, etxez-etxe.
21:00. Egunari amaiera, Gazteleku aurrean.
ZIORTZA-BOLIBAR
Etzi.
17:00-18:30. Sormen lantegia, udaletxe zaharreko aretoan.